Bergarako bozketan irregulartasunak erakusten dituen bideoa.
Aurreko bideoan, pertsona batek, beste hiruren izenean, haien baimenik gabe, bozkatzeko arazorik izan ez duela ikus daiteke. Ez da gauza berria Atez Atekoaren aurkako taldeek antolatutako sasigaldeketetan. Ekainean, ezagunak egin ziren, Zizurkilen, irregulartasunak erakutsiz zabaldutako bideoak. Akats larria izan arren ez dirudi plataforma atzerakoiekoei asko axola dienik. Haien helburu nagusia, taldeok sustatzen dituen alderdi politikoari hurrengo hauteskundeetan mesede egingo dion titularra lortzea da, bost axola die herritarren iritziak, eta, are eta gutxiago hondakinen kudeaketa egokiak.
Gauzak ondo eta garbi egiten dituenak lekukoak nahi izaten ditu, bere egite zuzenaren berme. Aldiz, zerbait ezkutatu nahi duenak ez du lekuko deserosorik nahi izaten. Berriz ere ukatu diete AABren kontrako plataformakoek Zero Zabor taldeko ikuskatzaileei galdeketaren jarraipena egitea, poliziari deituz eta aretotik kanporatuz. Bideoak erakutsi dituen irregulartasunaren modukoak ikusita, baieztatuta geratu dira jarrera horrek piztutako susmoak. Garbia izena daraman plataformak garbitik gutxi daukala erakutsi du beste behin ere.
Bergarako udalak ahalegin handia egin du Atez Atekoaren aldeko eta kontrakoen arteko adostasuna bilatzen. Horretarako, parte hartze prozesu bat abiatu zuen, eta, bertan jasotako iritzi eta ekarpenekin, sistema mixtoa abian jartzea erabaki zen, jarrera maximalistak alde batera utzi eta kontsentsua bilatu nahian. Sistema mixtoa da aurki abian jarriko dena, eta ez, Atez Atekoa, sistema eraginkorrena, Zero Zaborrekoek lehenesten duguna. Garbiakoek, ez-ikusiarena egin diote adostasunerako eta kontsentsurako ahalegin horri, eta bere galdeketatik kanpo utzi dute, jendeari, ahalegin hortaz irizten dionaz galdetu gabe. Jarrera inmobilista eta zurrun hoiekin nekez eraikiko dugu hain beharrezkoa dugun elkarbizitza.
Tristea da hori gogorarazten ibili beharra, baina demokrazia baten adierazle gorena ez da gehiengoaren borondatearen inposaketa, herritar guztien oinarrizko eskubideen babesa baizik,gutxiengoenak barne. Horrela, ez dago senarrak emaztea jipoitzeko eskubidea daukala, edota, inoren osasuna kaltetzea erabakitzeko zilegilasuna daukan gehiengorik.
Inguru osasungarri batean bizitzea, gure osasuna kaltetuko ez duen inguru batean bizitzea alegia, oinarrizko eskubidea da, eta, gaur gaukoz, hondakinen kudeaketan hori bermatzeko aurkeztu diren proposamenek hondakinak birziklatzeko beharra erakusten dute. Beraz, eta bestelako proposamen arrazoitu eta egiaztaturik aurkeztu ezean, hondakinak birziklatzeko balio ez duten bilketa sistemek ez dute pertsonen osasunerako oinarrizko eskubidea bermatzen, eta ez dira aukera zilegia.
Zero Zabor mugimenduan, herritarrak erabakietan parte hartzearen aldekoak gara. Bereziki, informazioa, argumentuak eta iritziak eztabaidatu, elkarbanatu eta konponbide adostuak bultzatzen dituzten partehartze prozesuen alde, baina arazoa gainditzeko balioa frogatuta duen proposamen bat baino gehiagoren artean adostasunik ez degoenean, galdeketa garden eta garbiak egitearen aldekoak gara. Galdeketa batean sekula egin ezin dena, oinarrizko eskubide bat beteko ez duen aukera bat eskeintzea da.
Hondakinen bilketak ez dio herri bati bakarrik eragiten, biltzen den zaborra beste herri batean pairatzen baitute. Erabakia, zilegia balitz ere, ez legokie haiei bakarrik.
Erantzun
Sartu