Teknologia albisteak

Errauste plantaren proiektua bertan behera uztearen inguruan herritarrek jakin beharrekoak

GHK-k errauste plantaren proiektua bertan behera uzteak zalaparta dexente sortu du, gai honen inguruan aurrera egiteko egiten den urrats ororekin gertatzen den bezala. Hau, sistemaren muinean ezarrita dauden indar politiko eta ekonomikoen interesen nerbioa ukitzen den seinale da. Desinformazio zaparrada dakar honek hedabideetan eta, horren aurrean babesteko, herritarrek argi eduki beharreko zenbait gauza aipatuko ditugu labur-labur artikulu hontan.

Errauste planta bertan behera uztea eta hondakinak Zero Zabor ereduarekin kudeatzea, askoz merkeagoa da errauste planta eraikitzea baino.

Proiektua bertan behera uzteak sor ditzaken kalteordainen inguruan sortu den zalapartarekin, erabaki honen ondorioz Gipuzkoarrok errauste planta eraikiko balitz baino askoz diru gehiago ordaindu beharko dugula eman dezake. Uste hau erabat okerra da.

Errauste planta barne hartuta, azpiegituretan egin beharreko inbertsioa 393.010.782 eurotakoa litzateke hondakinen planaren arabera. Errausketarik gabe kudeatzeko behar diren azpiegiturekin kostua 182.675.000 eurotakoa litzateke. Erabaki honekin 210.335.782 euro aurreztuko dira beraz.

Kontratuak eteteak kalteordainik ekarriko duen jakiteke dago enpresekin egingo diren negoziazioen baitan baitago hori. Kalteordainak baleude, hauek zenbatekoak liratekeen negoziazio horren baitan dago, baina kasurik txarrenean ere, ez lirateke helduko aurrezten den zenbatekoaren zati txiki bat izatera. Beraz, errauste planta bertan behera uzteko erabakiarekin dirutza aurreztuko dugu Gipuzkoarrek, osasuna eta ingurumena babestearekin batera.

Errauste planta bertan behera uzteagatik kalte ordainak ordaindu beharko balira, noren erantzukizuna litzateke?

Errausketaren bultzatzaileak zabaltzen ari diren "informazioak" kalteordainen erantzukizuna GHK-ren oraingo kudeatzaileen gainean jartzen du. Hori guztiz okerra da, bi arrazoi hauengatik:

Errauste planta eraikitzeko proiektua ez dator bat ingurumen baimena lortu zuen aurreproiektuarekin.

Baimenik gabeko proiektua da GHK-ren aurreko kudeatzaileek onartu zutena eta beraz legez kanpokoa da horren exekuzioa. Hiru aldaketa garrantzitsu dauzka. Errauts toxikoak tratatzeko instalazioetan, eskoriak tratatzekoetan eta erakitako kotan. (Informazio gehiago hemen)

Aurreko kudeatzaileek baimenik gabeko proiektua abian jartzean eduki dezaketen ardura legala aztertu beharko litzateke.

Errauste plantaren proiektua bertan behera uzteak ekar litzazkeen kalteordainak propio jarri zituen abian Carlos Ormazabal eta Denis Itxasok zuzendutako GHK-k, proiektuak atzera bueltarako aukerarik ez izateko asmoz, GZZk orduan ere salatu zuenez.

(Berriatik hartua) 2011/10/13an Carlos Ormazabal eta Denis Itxasok zuzendutako GHKren jarduneko administrazio kontseiluak, kontseilu berria ospatu bezperan, ez-ohiko bilera egin zuen errauste plantaren oinarrizko proiektua onartzeko. Azpijokoa salatzeko, kanpoaldean elkarretaratzea egin genuen GZZk eta beste eragile batzuk, gerta zitezkeen kalteordainen arduradunak zein ziren hasieratik garbi utziz.

2011ko urriaren 13an, kontseilu berria osatzeko bezperatan egindako ez-ohiko batzarrean onartu zuen jardunean zegoen GHK-ko administrazio kontseiluak proiektua. Horrek ekarri zuen enpresekin egindako kontratuak indarrean jartzea eta beraz, kontratuak bertan behera uzteak kalte ordainak eragitea. Intentzio osoz eta batere zilegitasunik gabe egindako mugimendua izan zen ondorengo arrazoiengatik:

  • Udal eta Batzar Nagusietarako hauteskunde emaitzen ondorioz (hauteskundeak 2011ko maiatzean izan ziren) izandako erakundeen osaketak hondakinen kudeaketari buruzko gehiengoak aldatu zituen. GHK-ko kudeatzaile berriak hondakinak errausketarik gabe eta Zero Zabor ereduari jarraiki kudeatzearen aldekoak ziren. Aurreko kudeatzaileak horren jakitun ziren.
  • 2011ko maiatzetik aurrera, GHK-ko kudeatzaileak jardunean zeuden, alegia, erakundeak eta hauen ordezkaritzak berritu bitartean erakundeek oinarrizko jardunerako behar dituzten erabakiak hartzea zegokien, ez sakoneko erabakiak hartzea. Errauste plantaren proiektua onartzea sakoneko erabakia da orain ikusten ari garen bezala eta ondorio ekonomiko larriak izan ditzake. Erabakia, hauteskundeetan herritarrek egindako hautatuaren gainetik pasatzea izan zen, nola edo hala haien proiektua inposatzeko.

Gai hontan, ardura moral eta politikoak oso argiak dira eta, seguruenik, ardura legalak ere egon daitezke, prebarikazioa jakinaren gainean erabaki okerrak hartzea baldin bada, 2011ko urriaren 13 hartan hartutako erabakiek eta moduek zalantzarako tarte gutxi uzten baitute.

Herritarren osasuna eta ingurumena babesteaz gain, egin bedi justizia. Herritarren dirua ezin da nahieran erabili, ez bankeroekin herritarren kontura angulajanak egiteko, ez eta justifikaziorik gabeko proiektu erraldoiekin enpresa handien irabaziak diru publikoz puzteko.

Erantzun

Sartu