Hondakinen kudeaketa txarrak egunerokoan arazoa jasaten duten biktimak eragiten ditu. Zabortegiak dituzten herrietako biztanleak. Etxean gaika biltzen ez diren janari hondarrak haiek bizi diren herrietan usteltzen dira, plastiko, beira, paper eta kartoiarekin nahastuta, haien bizi-kalitatea kaxkartuz, haien osasuna eta ingurumena kaltetuz. Kiratsa, metanoa, plagak, lixibiatuak, haien eguneroko ogia dira. Inork ez du horrela bizi nahi, eta beste inork merezi ez duen bezala, haiek ere ez dute zama horrekin bizitzea merezi.
Zabortegi kutsakor hauek ixtea eskatzen dugu, Europako zuzentarauek eskatzen duten bezala. Ez dugu nahi arazoa, beste leku batean paira dezaten. Ez dugu arazoa lekuz aldatzea eskatzen. Inork pairatu behar izan ez dezan, arazoa konpontzea da eskatzen duguna. Konponbidea ez da zabortegi kutsakor bat beste leku batean irekitzetik etorriko. Konponbidea ez da hondakinak erraustu eta, eskoriak eta errautsak zabortegi toxiko batzuetan botatzetik etorriko. Konponbidea, zentzuz jokatzetik etorriko da. Prebentziotik, hondakinak baliabide bezala hartzetik etorriko da. Zabor gutxiago eta garbiagoa sortzetik etorriko da konponbidea, ekidin ezin izan den zabor guztiari tratamendu ez toxikoak ematetik.
Gipuzkoan hondakinen kudeaketaren inguruan ematen ari den eztabaidaren erdigunean hondakinen bilketa kokatu da. Hondakinen bilketak kudeaketa egoki batean daukan garrantzia ezin da ukatu, baina bilketa ezin da kudeaketa orokorretik isolatutako elementu bezala ikusi. Bilketa nola egin, halakoak izango dira ondorioak. Bilketaren gaineko erabakia bilketa egiten zaien herritarrei bakarrik dagokiela esatea, bi mailatako herritarrak daudela esatea da, eskubidedun herritarrak eta eskubide gabeak. Erabakitzen dutenak eta besteek erabakitakoa jasan behar dutenak. Planteamendu kolonialista eta antidemokratiko hoiek gure gizartetik uxatu behar ditugu.
Askok, aldaketak azkarragi doazela uste dute. Denbora gehiago behar dela. Denboraren pertzepzioa baina, asko aldatzen da ondorioak eragin ala ondorioak jasan, zein aldetan kokatzen garen. Zabortegien ondoan bizi direnek oso garbi daukate denbora aspaldi bukatu zela. Zabortegian, kalteak eragiten dituen ezer botatzea injustizi bat dela. Etxe ondoan errauste planta jartzearen mehatxupean bizi direnek garbi daukate 25 urte denbora gehiegi dela pozoi fabrika horren ondoan bizitzeko. Errauste planta eraikitzeko proiektua behin betiko bertan behera utzi behar da.
Zabortegietara doazen eta batzuek erraustu nahi dituzten hondakin ia guztiak birziklagarriak dira, %80tik gora egin diren azken neurketen eta errauste plantako txosten teknikoaren arabera. Badakigu gaikako bilketa eraginkorra egiten duten sistemekin ia hondakin birziklagarri guztiak berreskuratzea posible dela.
Herritarren osasuna eta ingurumena errespetatu beharreko baliotzat dauzkagu. Ez dago aitzakiarik. Prebentzio neurriekin batera, gaikako bilketa eraginkorra bermatzen duten sistemak eta tratamendu ez toxikoak zabaldu behar dira ahalik eta azkarren. Zero zabor eredua martxan jarri behar dugu, zabortegi kutsakorrik eta errauste plantarik gabeko Gipuzkoa eduki dezagun. Badakigu posible dela. Zergatik ez saiatu?
Erantzun
Sartu