Teknologia albisteak

Erresistentzia hilero-hilero

Erabiltzailearen aurpegia
2016-05-23 : 11:00

Zergatik erabiltzen ote dute isuri urdina odola irudikatzeko? Zergatik pinpilinpauxak, zergatik loreak, eta nolatan lainoen usaina? Konpresa eta tanpoien iragarkiak, normalizatu ditugun arren, misterio galanta dira. Baina ez dira inuzenteak, eta aurreko galdera horien erantzunak ez dira hutsalak.

Bereizketatik bereizkeriara

Gorputzaren, osasunaren, ugalketaren eta sexualitatearen inguruko kontaketa biomedikoa kritika zorrotzenen jomugan izan du eta du mugimendu feministak. Izan ere, gizarte mendebaldarretan nagusi den ikuspegi horrek zatika ulertzen du gizakion gorputza, ez osotasun gisa; eta, hala, disekzionatuta, zurrun bereizten ditu gorputz femeninoa eta maskulinoa. Pentsalari, ikertzaile eta aktibista feministek, ordea, argi dute bereizketa biologiko hori dela bereizkeria sozialerako abiapuntua eta justifikazioa; hau da, desberdintzapen anatomiko horiek baliatu izan direla genero definizio zein harreman ez parekideak eraiki nahiz legitimatzeko.

Diskurtso hegemonikoaren arabera, ondorengoak ekartzeko gaitasunak eta, horren oinarrian, hilekoak definitzen du gorputz femeninoa. Baina ikuskera honek emakumetasun asko eta anitz ukatzen ditu, ez baititu aintzat hartzen, adibidez, haurdun daudenak, menopausikoak, ezta transexualak edota transgeneroak ere.

Mainstreamak igortzen dituen mezuek, bestalde, zer edo zer zikin, usaintsu, lotsagarri eta patologikotzat aurkezten dute hilekoa; ukatu, ezkutatu edo, behintzat, minimizatu beharreko zerbait, beraz. Nabaritzen ez direnak dira konpresa onenak, usaina neutralizatzen duten toailatxoak, bizitza “normala” egitea ahalbidetzen duten tanpoiak, oinazea desagerrarazteko pilulak; menstruazioaren aurreko sindromeaz ere hitz egiten dute, eta izaeraren edo gogoaren alterazioez.

Gehiago irakurri: GAZTEZULO.EUS

Erantzun

Sartu