Teknologia albisteak

Irantzu Pastor: "Hau ez da kolonbiar gorri eta urdinen arteko liskarra"

Erabiltzailearen aurpegia
2012-10-09 : 19:17

International Peace Observatory (IPO) nazioarteko erakundeak babes fisiko eta politikoa bermatzen die Kolonbian beren jardunagatik mehatxupean bizi diren nekazari eta ekintzaileei. Boluntarioen artean, euskal herritar bat. Gatazka armatuen alde psikologiko eta sozialak, gizakiak muturreko egoeretan izaten dituen jokabideek mugiarazten ditu Irantzu Pastor (Lesaka, 1985) eta bere argazki kamera. Horregatik, lagun kataluniar hark Kolonbiara giza ezkutu modura joateko asmoa zuela esan zionean, argi berezi bat piztu zitzaion begietan, "nik ere nahi dut!". Orain lau urte izan zen hura, eta harrezkero behin baino gehiagotan gurutzatu du ozeanoa. Elkarrizketa egin zaio Gaztezulo Aldizkarirako.

Nork eta zergatik mehatxatzen ditu zuek babesten dituzuen kolonbiarrak?

Batez ere Kolonbiako mugimendu ezkertiarraren edo alderdi komunistaren inguruko jendearekin aritzen gara. Urteetako gatazka bizi duen herrialdea dela kontuan izanik, erraza da imajinatzen Gobernuan ez dagoena ibaiaren beste aldean dagoela, linea ofizialaren ikuspegitik "etsaiak" diren horien aldean. Sozialismoa, laborantza-erreforma, indigenen eskubideak,  antikapitalismoa… hegemonia burgesaren interesen kontra dauden aldarrikapenak dira, eta horregatik jazartzen dituzte.

Zer da, zehazki, egiten duzuena?
Azken batean, "IPO" dioen txaleko bat soinean dugula, mehatxatuen alboan ageriko presentzia lana egitea da gure betebeharra. Kolonbian zeharreko barne desplazamenduetan laguntzen ditugu, bileretara, asanbladetara, formakuntzetara, manifestazioetara… eta Estatuko indar publikoa agertzen denean, ejertzitoa edo polizia nazionala, guk hitz egiten dugu haiekin, laguntzen ditugunen eskubideak errespeta ditzaten; Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa, oinarrizko giza eskubideak alegia, betetzen dela egiaztatzen dugu. 24 orduz daramagu larrialdi telefonoa gainean, nekazariek eta ekintzaileek edozein ordutan eduki dezaten norbait beste aldean. Egunerokoa intentsua da egia erran, eta, askotan, zerbeza baten inguruan lasaitzen garenean heltzen da dei gogor horietako bat, non gauden gogorarazten diguna.

Babesten dituzuen nekazari eta ekintzaile horien aldetik ez al duzue mesfidantzarik sumatzen? Paternalismo mendebaldarretik aritzen zaretelakoan edo...
Paternalismoa beti izan da herrialde aberatsek dirua eta politika krudelak justifikatzeko erabili izan duten sistema, baina guretzat elkartasuna ez da azal zuriko txalekodunek kolonbiar gajo batzuk salbatzea. IPO Kolonbiako nekazal mugimendu ezkertiarretik jaio zen; ekintzaile kolonbiarren eta Herrialde Katalanetako nahiz Italiako hainbat militante internazionalistaren arteko lankidetzatik, eta gaur egun ere eurek eskatzen digute laguntza euren kabuz. Badira "modu neutralagoan" lan egiten duten taldeak ere, baina guk ez dugu neutraltasunean sinisten eta argi dugu ze mundu mota nahi dugun, eta Kolonbian nor dagoen bide horretan. Gure presentzia eurek kolonbiar herri prozesua eta borroka garatzeko tresna da, beraiekin batera goaz aurrera, mundua norantza berean aldatu nahi dugun bidelagunak gara.

Eta izan al du emaitzik zazpi urteko ibilbideak?
Mutur-muturreko egoeratan egiten dugu lan: sarritan bonbardaketa baten ostean, sarraskiaren erdian... eta halakoetan zaila izaten da balorazio positiborik ateratzea. Baina eurek behin eta berriro errepikatzen diguten moduan, bizirik jarraitzea asko da eta, beharbada, guk lagundutako gehienak gure artean izatea da lorpen handiena, eta hirietatik mendietara edo herrixketara mugitzeko behar zuten babesa izan garela jakitea. Bestalde, elkartasun internazionalista eta herrien arteko xamurtasuna gauzatzen segitzea garrantzitsua da, etxetik hasi behar dugulako mundua aldatzen. Urte hauetan kide pila bat pasatu dira IPOtik, eta etxera bueltatu direnean militatzen jarraitu dute edo are gehiago konprometitu dira.

Gobernu estatubatuarraren eta enpresa transnazionalen interesei men eginez Kolonbiako gatazka externalizatu egin dela da etxera itzultzen zaretenean behin eta berriz salatzen duzuen kontuetako bat.
Bai, ez baita egia soilik Gobernua, gerrilla eta paramilitarrak ukitzen dituen barne gatazka denik. Nazioartean eskuak garbitzeko asmatutako gezurra da hori. Santosen gobernu eskuindarrak lagun asko ditu, pentsa, Estatu Batuetako armadak zazpi base militar ditu Kolonbian, eta ehundaka multinazional dabiltza lurrak bertakoei erosi edo indarrez kentzen, kasu askotan segurtasun pribatuarekin gainera, edo paramilitarrak erabiliz lurrak 'garbitzeko'. Hortaz, hau ez da kolonbiar gorri eta urdinen arteko liskarra, lurra eta ahalmen ekonomikoa kontrolatzeko borrokan hariak mugitzen dituzten horien guztien artekoa baizik.

Korapilatuta daude hariak...
Bai, 50 urtez egiten eta desegiten joan diren sigla eta interes nahasketen konbinazioa da Kolonbiako gatazka. Labur esanda, herriarentzat antiinperialismoa eta sozialismoa nahi dutenak ari dira borrokan burgesia kapitalistaren munstroaren aurka, baina pixka bat sakontzea nahikoa da honen konplexutasun ikaragarriaz jabetzeko. Alde batetik, linea ideologiko ezberdineko gerrilla iraultzaile pila izan dira: FARC-EP, ELN, M-19, Quintin Lame, EPL, EPR... Eta mugimendu herrikoi eta politikoa ere, ez armatua, oso indartsua da. Bestalde, Gobernuaren indar publiko eta legalaz gain, hamarnaka talde paramilitar daude: Rastrojos, Aguilas Negras, Urabeños, AUC... azken hauek, euren artean ez ezik, narkotrafikoarekin ere nahasten dira gainera...

Elkarrizketa osoa eta IPO-ri buruzko bideoa GAZTEZULO.COMen

Erantzun

Sartu