Teknologia albisteak

'Euskal identitatea(k)' hizpide, Eusko Folklore Urtekariaren 52. zenbakian

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren Eusko Folklore Urtekariak "Euskal identitatea(k)' gaia hartu du hizpide bere azken zenbakian eta Euskal Herriko zein kanpoko bost ikertzaileren lanak jasotzen dira bertan, bestelako kolaborazioez gainera.

"Definizio sozial oro bezala, etengabe berritzen, berrasmatzen eta eraikitzen ari den kontzeptua dugu identitatearena. Identitateak konplexuak dira eta erabateko mugimenduan daude. Bide horretatik, euskal identitatea ere etengabe aldatzen ari da, garai historikoak eta testuingurua aldatzen diren heinean", aipatu du Abel Ariznabarreta Zubero Eusko Folklore Urtekariaren zuzendariak. "Hala, interesgarria deritzogu alor kulturalaren eta identitarioaren aspektu ezberdinak aztertzeari, etorkizuneko gure gizartea nolakoa izatea nahi dugun ikertzen saiatzeko."

Hiru atal ditu Eusko Folklore Urtekariaren zenbaki berriak. Lehenengoa aipaturiko gai nagusiaren bueltan dago eraikia; bigarrena aldiz, kolaborazioen atala da. Bertan, 2016an Barandiaran Ikerketa Beka irabazi zuen taldearen azken lanaren aurrerapen bat irakur daiteke (Arabar Errioxan kokatutakoa), eta baita Nafarroako Bardeatako erlezaintza tradizionalari buruzko bat ere.

Azkenik, 52. zenbakia borobiltzeko, aitortza bat: Pilar Barandiaranen (antropologo eta etnologo ataundarraren loba eta bidelaguna) heriotzaren 10. urteurrena bete den honetan, haren omenezko testua.

Informazio gehiago hemen.

Erantzun

Sartu