Teknologia albisteak

Euskalerria Irratia, zuen baimenarekin

Erabiltzailearen aurpegia
2012-09-15 : 12:14

Saio, eduki, sintonia, ordutegi berriekin dator Euskalerria Irratia, bere 25. denboraldian. Euskara hutsezko irrati iruindarrean inoiz baino gehiago eztabaidagune, elkargune, plaza izan nahi du, bizi ditugun krisi eta aldaketa garaiotan. Horregatik inoiz baino tertulia eta iritzi emaile gehiago izanen ditugu. Programazio berria astelehenean, hilaren 17an, jarriko dugu martxan.

Irrati-urte berrirako gure goiburua, “Euskalerria Irratia, zuen baimenarekin”. Horren bitartez nabarmendu nahi dugu gure entzule, bazkide, kolaboratzaile, iragarleei esker garela garena. Ahantzi gabe Nafarroako Gobernuak aurki ezagutaraziko duela Iruñerrirako bi irrati lizentzia berrien esleipenaren ebazpena.

Inoiz baino gehiago, plaza, elkargune

Gure 25. urteurrenaren karietara irratia birpentsatzen ari gara, irratia birsortzen ari gara. Bizi ditugun krisi eta aldaketa garaiotan, inoiz baino gehiago topagune, elkargune, eztabaidagune, erreferente izan nahi dugu euskaldunentzat zein Nafarroa ofizialaren berri ez ezik Nafarroa errealaren berri ere jaso nahi dutenentzat.

Hori horrela, denboraldi honetan inoiz baino ahots gehiago entzunen dira gurean. Inoiz baino tertulia gehiago izanen ditugu: gizarte mugimenduetako kideak, sindikalistak, parlamentariak, zinegotziak, kultur sortzaileak, euskalgintzako eragileak.

Haien iritziak irrati-zutabeen bitartez zabaltzen dituztenen kopurua ere handituko da. Albistegietan, 10. Magazinetan, 30. Haien artean, gure betiko kolaboratzaile hainbat: Josi Basterretxea, Mikel Soto, Aingeru Epaltza, Edurne Begiristain, Patxi Huarte Zaldieroa, Angel Erro, Elixabete Garmendia… Eta baita berriak ere: Alberto Barandiaran, Floren Aoiz, Koldo Martinez, Zaloa Basabe…

Plaza publiko izan nahi dugu dialean. Eta baita sarean ere. Iritzi guztiok eta gure edukirik entzungarrienak euskalerriairratia.com webgunean bilduko ditugu. On line ere emitituko dugu. Eta programazio osoa pod-castetan eskainiko dugu. Sare sozialak ahaztu gabe: Facebook eta, bereziki, Twitter.

Aldaketaz beteriko programazioa

Gure programazioan mamia aldatuko da. Eta baita azala ere. Sintonia guztiak berritu ditugu. Indikatibo berriak sortu. Eta saioen izenak eta ordutegiak ere aldatu ditugu.

Goizeko albistegia eta magazina batu ditugu. Saioa Metropoli Forala deituko da. Lehen tartea, 8:30etik aurrera, Mikel Bujandak gidatuko du. Bigarrena, 9:00etatik 11:00etara, Pello Argiñarenak. Lehen tartean, informazioa izanen da nagusi. Bigarrenean, analisia, iritzia eta baita umorea ere.

13:30ean, eguerdiko albistegia, Iruñerrian gaur, Oihane Arangoak editatuko du. Berrikuntza nagusia, 10 iritzi emaileren zutabeak bilduko dituela.

Arratsaldeko albistegia eta magazina ere elkartu ditugu. Saioa 15:00etan hasiko da, eta 18:00etan amaitu, eta Reyes Ilintxeta izanen du Arratsalde.on saioaren lemazain. Lehen orduan, informazioa. Hurrengo bietan, elkarrizketa sakonagoak, kultur gaiak eta umorea.

Gaueko bandari doakionez, astelehenetik ostegunera, 21:00etatik 22:00etara musika saioa eskainiko dugu: Amaia Lasa, Jon Zelestino, Toño Muro…

25. urteurreneko ospakizunak

Mende laurdena bete dugula eta, azaroaren 7rako jaialdi berezia prestatzen ari gara. Ekitaldiaren bi ezaugarri aurreratuko ditugu: musika zuzenean eta interneten zabalkunde zabala.

Hilean behin, bestalde, itzal handiko pertsona bat elkarrizketatuko dugu, gure estudioetatik at, jendaurrean. Pertsona horien izen abizenak, elkarrizketak non eginen ditugun eta data zehatzak aurki emanen ditugu ezagutzera.

Urteurrenak, bestalde, isla zabala ere izanen du eguneroko programazioan. Metropoli Forala saioan, adibidez, Kike Diez de Ultzurrunek Iruñea-Iruñerrian garrantzitsuak izan diren 25 leku edo paraje bisitatzera eramanen gaitu, eta, arratsaldeko Arratsalde.on saioan, berriz, euskalgintzari lotutako 25 toki, karrika edo eraikin erakutsiko dizkigu, guztiak ere gure inguru hurbilekoak. Arratsaldeko saioan bertan, Mikel Bujandak azken 25 urteotan Nafarroako gizartean garrantzitsuak izan diren 25 lagun elkarrizketatuko ditu.

Bazkide kanpaina arrakastatsua

Iragan irrati-urtearen amaieran, Euskalerria Irratia Elkarteak Aukera ON kanpaina jarri zuen abian, bazkide berriak lortzeko. Txundituta gaude jaso duen erantzunarekin, dagoeneko 100 baitira bazkide berriak, egoera ekonomiko orokorra horrelako kanpaina baterako batere aproposa ez izanagatik. Horiei esker, Euskalerria Irratia Elkarteak dagoeneko 900 bazkide ditu. Denboraldi honetan kanpainarekin aurrera segituko dugu. Baietz 1.000 bazkidera iritsi!

 

Erantzun

Sartu