Larunbat honetan, ekainaren 1ean, Euskeraren Jatorriaren 13. Biltzarra egingo da Bermeon. Aurten azken 20 mendeetan izan ditugun 21 ikerle historikoen lanak ezagutzeko aukera egongo da: Flavio Josefo, Justino, Etxabe, Poza, Larramendi, Hervas, Mogel, Humboldt, Astarloa, Novia Salcedo, Xaho, Arana, Rementeria, Mujika, Sansinenea, Agirre, Goitia, Oteitza, Aginagalde, Segurola, Kapanaga eta Mendizabal. Horiez gain Pariseko l’Harmattan argitaletxeak plazaratutako Eñaut Etxamendiren L’origine de la langue basque liburuaren aurkezpena eta Iruña-Veleiako grafitoak inguruko indusketetako eta garai bereko grafitoekiko antzekotasunak azalduko dira.
Biltzarra Gizarte eta Kultur Etxean egingo da, goizez eta arratsaldez.
Biltzarrean azalduko den moduan, euskeraren jatorriaren ikerleek beste arlo askotan izugarrizko bultzada eman dute hala nola naziogintzan, kulturan, ekonomian… eta noski, euskeraren biziberritzean ere.
Azken hamarkadan euskeraren jatorriaren ikerketan inoiz baino emaitza gehiago ematen ari direlakoan gaude: artikuluak, liburuak, eztabaidak… Adibidez, Pariseko unibertsitate batek Hector Iglesiasen Iruña-Veleiari buruzko liburua argitaratu du. Edo L’Harmattan argitaletxe famatuak Eñaut Etxamendi, Dominique eta Fina Davant eta Roger Courtoisen L´0rigine de la lengua basque liburua plazaratu du. Argitaletxe horrek liburu bat argitaratzea tesi bat egitea bezainbeste garrantzia du frantziar estatuan.
Hegoaldean edo estatuan gai horri buruz egile askoren liburuak ere argitaratu dira: Josu Naberan, Javier Goitiaren 20 liburu (ADN eta arlokako hiztegi etimologikoak), Felix Zubiagaren beste 20 liburu, Kapanagaren berredizioa, Antonio Mendizabal, Jose Mari Ugalde, Jesus Zugatzaga, Jon Goitia interneten, Miguel Garai, Jon Nikolas, Mikel Urkola, Antonio Arnaiz, Bernat Mira… Gainera, Pamielak gainerako argitaletxeetan orain arte ikusi ez den jarrera irekia erakutsi eta Elexpururen bi liburu (Sardiniako toponimiaz eta Iruña-Veleiaz), Eduardo Aznarren Errioxako euskerari buruzko bi liburu eta Juan Miguel Munarrizen Euskararen genesia plazaratu ditu. Horiek guztiek gai honetan sakontzeko inoiz baino aukera gehiago dugula erakutsi digute.
Apurka-apurka aire berriak datoz euskeraren jatorriaren langintzara. Hori bultzatu duten faktore asko dago, hala nola Interneten bidez errazago komunikatu ahal izatea, toponimia ikertzeko baliabide berri oso onak egotea, ikerle gehiago gai honetan aritzea eta Iruña-Veleia.
Azken gai hori, adibidez, euskeraren jatorriaren ikerketan mugarria izan da, grafitoak datatzeko arkeometriari ez zaiolako aukerarik eman nahi izan. Zergatik? Ba orain arte irakatsi den euskal filologian hutsune handiak omen daudelako. Grafitoak egiazkoak ziren ala ez zalantzarik bazegoen datatzea aski zen. Baina horren ordez eta antzekorik agertu ez zedin, hondeamakina 3 aldiz sartu dute indusketan eta orain, Eliseo Gil eta Oskar Escribano espetxera sartzeko prest daude. Euskal filologia, historia eta arkeologia ofizialak, dataziorik eta froga zientifikorik gabe, errugabe bi espetxeratuko ditu? Noraino heldu gara?
Iruña-Veleiak euskeraren jatorriaren ikerketa beste bide batzuetatatik eraman behar dela erakutsi digu. Horrela, berriz ere, begirada atzera eraman dugu eta orain arte euskeraren ikerketan aritu diren lanak ezagutu behar direla ikusten dugu.
Akatsak akats, Larramendik, Hervasek, Humboldtek eta guztira 21 ikerlek egindako lanak ezagutzeko ordua da. Izan ere, bakoitzaren baliabideak eta garaia kontuan hartuta, eta baztertu beharrekoak kendu ondoren, gure hizkuntzari ekarpen interesgarriak egin zizkiotela konturatu gara.
Etxabe eta Pozari esker, iberiar penintsulan euskal toponimo asko dagoela jakin izan genuen: Uria, Iria, Urbi, Atekoa…. eta batzuk oso ezagunak: Granada=Iliberri, Guadalajara=Arriaka… Larramendik Euskal Herriaren lehenengo aldarrikapena egin zuen subjektu politiko gisa; Gipuzkoako historia, foru, gizarte, kultura… aztertu zituen; Hernaniko burdinola edo aingurasutegien hondamenditik atera zituen eta lehenengo kooperatiba sortu zuen bere iloba emakumea bertako arduradun ipiniz. Eta, jakina, bere bizitzako lanik nagusiena euskera izan zen, bere garaira eguneratu zuelako gramatikarekin eta hiztegi hirukoitzarekin, euskeraren galbidean inflexio ikaragarria ekarri zutenak. Tamalez, apologista, garbizalea eta neologista zela esanda, askok bere ekarpenak baztertzen dituzte baina Xabier Kintanak, proportzioz, neologismo gehiago sartu zituen “Hiztegi modernoan”, baita Euskaltermek ere, hiztegiak gaur egungo terminologiara egokitzean.
Bestalde, Lorenzo Hervasek hizkuntzalaritza konparatua sortu zuen eta hor euskeraren garrantziaz berehala konturatu zen, nahiz eta hemengoa ez izan. Mogelek herri jakintzaren garrantzia nabarmendu zuen, Basarte unibertsitatea deituta, eta, horrez gain, hizkuntzaren hainbat toponimo azaldu zigun (Calpe…). Astarloak, berriz, hizkuntza nagusiak sakon aztertu ondoren (latina, greziera, hizkuntza erromanikoak, hebraiera, arabiera…), euskeraren gauza miresgarriak inork baino hobeto azaldu zituen. Eta konturatu zenez euskeran hitzen esanahia ez omen dela arbitrarioa, naturak iradokia baizik, toponimian ikusten dugun bezala.
Wilheim von Humboltek, adibidez, euskaliberismoa zabaldu zuen, iberiar penintsulako toponimia zaharrena euskeraren bidez azaldu daitekeela frogatu ondoren. Pedro Novia Salcedok lehenengo hiztegi etimologikoa egin zuen. Agosti Xahok euskal hitzen sorrerari buruzko liburu epikoa izkiriatu zuen. Sabino Aranak, euskal nazionalismoa berpizteaz gain, etimologia asko landu zituen jatorriaren garrantzia ikusita. Jose Ramon Rementeriak euskera Europako eta agian beste lekuetako toponimia ulertzeko ezinbesteko tresna dela aldarrikatu zuen. Imanol Mujikak hainbat hitz naturaren bibrazioa kontuan hartuta osatu zirela proposatu zuen.
Beste aldetik, Juan Migel Sansineneak munduan ditugun ur errodun hidronimoak jasotzeko 3 liburu behar izan zituen. Imanol Agirrek, Astarloak bezala, munduko hizkuntza nagusiak aztertu ondoren eta munduan erabiltzen diren 500 idazkera jaso ostean, Siberian desagertu zen eta inguruko hizkuntzekin loturarik ez zuen ket mintzaira eta euskera antzekoak zirela ikusita, gure hizkuntza munduko beste hizkuntzekin dituen loturak agerian jarri zituen. Juan Goitiak gaztelerazko berba asko euskeratik datozela proposatu zuen. Jorge Oteitza gure hizkuntzak gorde duen aurreindoeuroparraren ikuspegia agerian jarri zuen. Patxi Aginagaldek, Jesus Segurolak, Bittor Kapanagak, Antonio Mendizabalek ere gure hizkuntzaren jatorriaren puzzle handia osatzeko beste pieza interesgarriak eman zizkiguten.
Baina, zergatik urteetan zehar izan ditugun hizkuntzalariak arretaz aztertu beharrean, gehienak lurpean daude? Zergatik ez da ulertu nahi munduan proportzioz hizkuntzalari gehien garen herria zerbaitengatik izan behar dela? Zergatik ez da ikusi nahi toponimian milaka antzekotasun ezin direla kasualitateak izan?
Ekainaren 1ean Euskeraren Jatorriaren 13. Biltzarraren barruan, Bermeon, gure hizkuntzaren jatorriaren ikerle historikoei eta belaunaldiz belaunaldi euskeraren sugarra eraman duten emakumeei omenaldia egingo diegu, hizkuntzalaritza askea behar dugulako. Bai, egunen batean euskal filologia mundu mailako 1.en artean kokatuko dugu, gure burua deskolonizatzen dugunean.
Erantzun
Sartu