Azken hamarkadan, hori iradokitzen diguten kontu asko gertatu dira: ETBk bultzatutako euskalduntze berantiarra, toponimiari bizkar ematea, iberiar eta euskal zenbakien arteko erlazioa ukatzea eta 9 urte bete berri duen Iruña-Veleiari egindako erasoa. ETBk gutxienez 8 aldiz eman duen “Euskalduntze berantiarra” euskaldun guztioi ileak tente jartzeko modukoa da. Bertan baieztatzen da euskera ez zela Nafarroara heldu III. mendera arte eta Araba-Bizkaia-Gipuzkoara, aldiz, VI. mendera arte, hau da, hizkuntza berria dela gure lurralde gehienean. Emankizunaren esanetan, Pirinioetako lurralde txiki batetik etorri zen orain dela 1.700 urte, 5.000 biztanle baino gutxiago zituen gune batetik. Handik etorri eta telebista, hezkuntza sistema zein botere politiko edo militar barik, gutxienez 150.000 biztanleri hizkuntza aldaratzeko gai izan ziren?
Zientzia alor guztiek hipotesi hori barregarri utzi dute. Soziolinguistikoki ezinezkoa da. Historiak alderantzizkoa dela frogatu du, hau da, Pirinioetako gune hori Nafarroatik joandako herritarrek populatu zutela Erdi Aroan. Bestalde, ETBk dio hemengo “mendi altuenen” eta “ibai urtsuenen” izenak ez direla euskaldunak. Baina zeintzuk ez dira? Ez al dira Aizkorri, Jaizkibel, Larrun, Toloño, Hiru Erregeen Mahaia, Ezkaurre, Arlas, Orhi euskaldunak? Zalantzan Gorbeia eta Anboto ditugu. Horietarako proposamen batzuk daude: batetik, Gorbeia oso zabalduta dagoen abizena eta bertan dagoen Orbea baserriaren gainaldea izatea (Go-orbea); bestetik, Anbotorako ere gure hizkuntzatik egindako hainbat proposamen etimologiko daude, dokumentalak mendi honetarako proposatzen duen zeltazko “gatibu” izatea baino askoz logikoagoak.
Ibai urtsuenei dagokienez, Aturri, Ibaizabal, Urumea, Oria, Bidasoa, Lea-Artibai… ditugu eta horiek ez al dira izen euskaldunak? Zalantzak daude Ebro, Deba, Nerbioi eta Okaren inguruan. Ebro iberiarra edo euskal izena izan daiteke. Deba izenean egon daitekeen “de” erroa zelten eremutik kanpo ere badago; izan ere, Kataluniako hizkuntzak gorde duela esan behar da. Iturria adierazteko darabilgu eta penintsulako iparralde osoan ikusten dugu, agian Kantabrian dagoen Fuente De jatorri berekoa izan daiteke (Iturriaren iturria, Val d’Aran-en antzera). Horrexegatik diogu Deba horrekin lotuta egon daitekeela. Nerbioiren sorburua Ureta da eta amaieran Urbi dugu, biak ur erroa duten eta euskaldunak diren izenak dira. Nerbioi ere euskal izena izan daiteke. Adibidez, Nervion Urbionen bilakaera izatea Basauriko Urbin batzen diren bi ibai handietako bat delako (J. Nikolas), edo Lerbion-en bilakaera izatea (J. Goitia), garai batean Delika aldean ura bi iturri handitan jausten zelako, baina izen latindarra ere izan daiteke lasai asko, Nerva edo Nervina-rekin lotuta adibidez. Hau da, ibai eta mendi gehienek euskal izenik ez dutela esatea gezurra da, nahiz eta bakanen bat kanpotarra izan.
Bestalde, dokumentalak dio Mitxelena euskalduntze berantiarraren teoriarekin ados zegoela, eta hori ere gezurra da, filologo guztiek irmoki salatu beharko luketena (baina Elexpuruk eta beste bakarren batek baino ez dute egia defendatu). Ildo beretik, Joaquin Gorrochategui ETBko produkzio honetan alde dagoela agertu da. Berak bere filologiako ikasleei ez dagoela alde esaten die, baizik eta dokumentalak bere hitzak txarto jaso zituela, bizitza osoan kontra egon delako. Dena den, orduan zergatik ez dio ETBri zuzentzeko esan sarritan errepikatzen duten dokumentala izanda?
Euskal filologia ofizialaren beste akats handi bat toponimiari eta hidronimiari bizkar ematea izan da. Toponimia, F. Zubiagak dioen moduan, gure arbasoen oihartzuna da, gehienbat izen horiek zaharrak direlako eta euskeraz ditugun erro asko, aran esate baterako, lurralde askorekin lotzen gaituela dirudielako; ez soilik penintsularekin (Aranda, Aranjuez…), Alemaniarekin ere: Arn-tal: aranaren arana izan daiteke, alemanieraz tal arana delako (T. Vennemann), Val d’Aran bezala. Edo atx-az-aitz erroa, hizkuntza askotako aizkorarekin eta toponimiarekin lotzen gaituena. Edo otz erroa, elurra inoiz desagertzen ez den eta hotzenetakoa den Austriako haran baten izena. Edo ur erroa Indiaraino eramaten gaituen eta ibai askotan agertzen den erroa. J.M. Sansineneak 1.200 orrialde behar izan zituen erro hori duten ibaiak ondo deskribatzeko eta jasotzeko. Berak erro horren maiztasun handiena Euskal Herrian kokatu zuen eta ur erroa duten euskal hitzak ere 50etik gora jaso zituen. Toponimia eta hidronimia euskeraren jatorria aurkitzeko ezinbesteko tresnak direla argi dago, hain zuzen W. Humboldt-ek bide hori hartu zuen.
Euskal filologia ofizialaren hirugarren akats handia iberierari bizkar ematea izan da. Zenbaki iberiarrei buruz egondako eztabaidan J. Lakarra dugu hemengo ordezkari nagusienetakoa. Inolako ikasketarik ez duen batek badaki iberierazko ban (1), bi-bin, irur-kilu, laur, borste-bors, sei, sisbi, sorse, abar-bar (10), orkei (20?) eta erder (erdi) zenbakiak euskerarekin erabat lotuta daudela. Baina Lakarra jaunak egindako txostenean dio ez dagoela loturarik eta ez datozela bere teoriarekin bat.
Zorionez, kanpoko bi ikerlari katalanek (J. Ferrer-rek eta E. Orduñak) lotura hori argi eta garbi dagoela adierazteko txosten batzuk egin dituzte. Hemen ordea Lakarrak loturarik ez dagoela esan eta denok beste alde batera begiratzen dute (ETBren euskalduntze berantiarrarekin gertatu den bezala). Are gehiago, Euskaltzaindiak hiztegi etimologikoa egiteko ardura eman dio, bere teoriak, hemen bakarrik ikusita, funtsik ez duela dirudienean. Estatuan egiten den Paleohispanica biltzarretan lehen Lakarra eta Gorrotxategi aintzat hartzen zituzten Mitxelenaren ondorengotzat zituztelako baina logika guztiaren aurka ari direla konturatu dira.
Hemengo filologia ofiziala kolonizatua dagoela pentsatzeko azken arrazoi nagusia Iruña-Veleia dugu. Gai hau ulertu nahi dutenei Altamirari buruzko pelikula ikustea gomendatzen diegu, hemen bertan gertatutako gauza bera dugulako.
Batetik, Elizaren interesak: hango margoek Bibliak gizakiaren bilakaeraz esandakoa zalantzan jartzen zuten eta Iruña-Veleiak Elizak kristautzearen hastapenaz dioena zalantzan jarri du. Ez dugu ahaztu behar Eliseo Gil kanporatu zuen kultura diputatua Lorea Lopez de Lacalle zela eta bere gainean zegoena Rafa Larreina zela, biak Opusekoak. Izan ere grafitoak laborategietara ez, Vatikanoraino eraman zituzten.
Bestetik, Altamiran arkeologo frantsesen interesak kaltetzen ziren Laskaux baino zaharragoa zelako. Iruña-Veleian, berriz, EHUko Arkeologia Saila hemengo indusketa arkeologiko nagusitik kanpo zegoen eta berau bereganatu nahi zuen kosta ala kosta. Azken 6 urte hauetan jaso duten 7.000.000 eurotik gorako zenbatekoak argi adierazten digu Eliseo Gil kanporatzeko zuten arrazoi nagusia zein izan zen.
Bestelako berdintasuna: aurkitzaileen kalbarioa eta sufrimendua, bai Altamirako Marcelino Sautuolaren aldetik, bai Iruña-Veleiako Eliseo Gilen eta Oskar Eskribanoren aldetik. Marcelinok handik 17 urtera hil zen, gehienek bere kontra jarrita eta erabat isolatuta. Zorionez aberatsa zen eta jatekorik ez zitzaion falta izan. Eliseo eta Oskar, ordea, 9 urte daramatzate Epaitegiaren mailukadaren zain. Izan ere, ia dena kontra dute: sistema judiziala, Eliza, unibertsitatea, Aldundia, eta hedabide nagusiak. Faltsuak direla sinistuko balute, haiek izango lirateke grafitoak datatzera bidaliko zituzten lehenak. Baina egiazkoak direla ondotxo dakitenez, gezur eta tranpekin ari dira etengabe.
Haatik, desberdintasun batzuk ere badaude: euskera, suntsiketa, garaia eta Edward Harris. Hemen grafitoek Mitxelenaren teoriaren % 15 zalantzan jarri dute eta bere teoria eguneratzeko gai ez direnez (maila askoz baxuagoa dute eta) faltsutzat hartu eta azken 40 urte hauetako apunteak ez aldatzea erabaki dute unibertsitatean. Bestalde, Altamira ez zuten ukitu, baina hemen hondeamakina bi aldiz sartu dute eta balio handiko bi eremu suntsitu dituzte, antzeko grafitorik agertu ez dadin, politikari guztien “bildotsen isilkeriaren” babespean (Aralar eta Arabako Podemosetik kanporatutakoak izan ezik). Bigarren desberdintasuna da orain ez gaudela 1868an, XXI. mendean baizik eta, arkeometriak grafito asko datatzeko aukera ematen digula, zalantzari zirrikiturik utzi gabe. Baina 9 urte hauetan ez dituzte egin eta egin duten gauza bakarra gainazaletan (ez letren azpian) metal modernoak daudenez faltsuak direla esatea izan da, denok dakigunean topatzen diren objektu arkeologiko guztiak, gaurko eskubilaz eta urez garbitzen direnean kutsatzen direla.
Azkenik, munduko arkeologorik famatuenak, Edward Harrisek, Gasteizera etorri, Eliseoren taldeko lana aztertu eta indusketak ondo eginda zeudela esan zuen. Izan ere, guztiz harritu zen datazioak nahiz auditoria ez egiteagatik, bai eta grafitoak Epaitegian ez egoteagatik, horrekin bakarrik kasua artxibatzeko arrazoia zegoelako.
Euskal filologia ofiziala kolonizatuta dagoela uste dugu, Espainiako interesen alde ari delako, gero eta argiago gainera. Gorrochateguik batez ere eta Lakarrak gutxiago, Espainiako Kultura Ministerioaren urte askotako proiektuetarako soldata paraleloak eskuratzen dituzte, zergatik? Iruña-Veleiako grafitoen analitikak hango Instituto de Patrimonio Cultural Españolen eta ez Europako laborategi prestigiotsuetan egin dira, zergatik? Euskera inguruko hizkuntzetatik isolatzea ez gaitu indartsuago egiten, ahulagoak baizik, ez al da horrela?
Adibidez, espainiar estatuan orain dela 200 urte arte euskaldunoi begirune handiagoa izan ziguten, azken iberiarrak izan garela eta euskera penintsulan geratu den azken hizkuntza dela uste izan dutelako. Berlingo unibertsitatearen sortzailea izan zen Humboldt-ek, gainera, toponimian oinarrituta, indar handia eman zion horri euskaliberismoaren teoriari esker. Baina filologia ofizialak toponimiaren azterketa baztertu, iberiera alboratu, Iruña-Veleia suntsitu eta ETBri euskalduntze berantiarra moduko dokumentala egiten utzi dio EHU hango Kontseiluan egonda. Jose Ramon Rementeriak zioenez, euskal filologia mundu mailako erreferentzia izan liteke hemengo erroak oso zabalduta daudelako, baina horren ordez 3. mailako filologia bihurtu dute.
Euskeraren Jatorria Elkartea
Iruña-Veleiari egindako erasoaren 9. urteurrenean
Erantzun
Sartu