Teknologia albisteak

Urriaren 24an, "30+10, hizkuntza-kudeaketa enpresan jardunaldia" Elgoibarko IMHn

Erabiltzailearen aurpegia
2012-10-09 : 14:40

Euskara eta hizkuntzen kudeaketa enpresarentzat erreminta erabilgarriak eta eraginkorrak direla uste dugunok, hitzordua dugu, zazpigarren urtez jarraian, Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuan. Urriaren 24ko goizean zehar, agintarien hasierako hitzez gain, lau hitzaldi, bi mahai inguru eta elkarrizketa batek osatuko dute egitaraua, enpresa, ikastetxe eta erakundeentzat baliagarriak izan daitezkeen zerbitzuak, baliabideak eta esperientziak aurkezteko.

Langunek, Hizkuntzen industriaren alorreko enpresen elkarteak, tartea izango du, iaz bezala, eta Europako enpresa-praktika eleanitz onenen mapa landu duen Bureau van Dijk aditu taldearen Antoine Raulin ordezkaria ekarriko du gurera, ikerketa horren ondorio nagusiak azaltzeko.   

Aurten ere, makina erremintaren sektoreko enpresentzat interesgarria den lurralde bat aztertuko dugu: India. Sektoreko gure enpresen ahotik ezagutuko dugu nola egokitzen ari diren hango merkatura eta hizkuntzaren aldagaiak nola eragiten dien. Bertan izango ditugu, AFMko nazioarteko arduradunaz gain, Danobat, Juaristi eta Korta enpresen ordezkariak.

Tecnalia eta Elhuyar aholkularitzak azalduko digute bertako hizkuntzak kanpokoekin batera kudeatzeko egiten ari diren saiakera, eta azpimarratuko digute kudeaketa horrek nazioartera begira duen garrantzia.

Lanbide Heziketaren munduak lan munduarekin lotura zuzena duela kontuan izanik, hizkuntza katea nola luzatu aztertuko dugu mintegian. Ikasleek ikastetxeetatik enpresarako salto egitean, zubi-lana nola egin hausnartuko dute hainbat eragilek.


Hizkuntzen plangintzak eta kudeaketaren oinarriek
ere izango dute haien tartea. Horren inguruan arituko zaigu Soziolinguistika eta euskal filologia doktorea den Xabier Erize. Eta Nafarroako Kutxan hizkuntz garapeneko eta gizarte erantzukizuneko arduradun zazpi urtez aritu ondoren, amaitu berri duen "Management eta hizkuntza-plangintza" lana aurkeztuko digu.

Azkenik elkarrizketa interesgarria izango dute Elayko Anaje Narbaizak  eta Euskaliteko Galder Lasuenek. Bien laguntzarekin ezagutuko ditugu enpresa batek Bikain nola baliatu dezakeen hizkuntza-kudeaketa egokia lortzeko, eta zein aholku eta jarraibide izan behar dituen kontuan.

30+10 Mintegia IMHk antolatzen du Ahize-AEK hizkuntza aholkularitza, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Elgoibarko Udalaren laguntzarekin.
Urte hauetan, hainbat eragilek ere lagundu dute lan horretan, besteak beste,
AFM, Langune, Artez, Emun eta Elhuyar Aholkularitzak.

Egitaraua IMHko webgunean ikus daiteke...

Izena aurrez emateko: webean  bertan, telefonoz 943744132 zenbakira deituta edo mezu elektronikoz imh@imh.es.

Erantzun

Sartu