Teknologia albisteak

Aste honetan hasiko da Egubakoitzak kartzelan egitasmoa

Erabiltzailearen aurpegia
2013-04-24 : 13:08
Barikuan, apirilak 26,  emango diote hasiera aurtengo Egubakoitzak Kartzelan egitasmoari Bergaran. Aitzol Barandiaran, Iñaki Gurrutxaga eta Julen Goikoetxeak 'Bi bala' ikuskizuna eskainiko dute, estreinekoz, 22:30ean, gaztetxean.


Barandiaran, Gurrutxaga eta Goikoetxeak bertso-jarri musikatuak eskainiko dituzte. "Batez ere umoretik eta kritika politikotik joango den emanaldia izango da, bertso musikatuetan ere ohikoak ez diren doinuak baliatuaz. Esperimentu pilotu gisa hartu dugu guk ere", adierazi dio Aitzol Barandiaranek Bertsoa.com-i.

'Ze krisi'

Emanaldi honen jatorria Gurrutxaga eta Barandiaran bertsolariek azken Bertso Egunean egindako Ze krisi saio arrakastsua dago. Zenbait herrietatik eskaera ere iritsi zaie emanaldia errepikatzeko. "Hura Bertso Egunerako zen", dio Barandiaranek, eta oraingoa beste emanaldi bat izango dela gaineratzen: "Bertso jarriak eta abesti ezagunen bertsioak izango ditu oinarrian, RIP, EH Sukarra, Beatlesen besteren bat... bertso moldera ekarriak. Eduki aldetik, berriz, umoretik jorratuko ditugu hainbat gai, batez ere politika eta gizarte ingurukoak, gure bizimodhttp://www.cineyderechoshumanos.com/2013/index.php?option=com_content&view=article&id=15&Itemid=15&ide=17818&lang=euuaren bueltako kontraesanak...".

"Bergarakoa, esperimentu pilotua"

Zenbait eskaera izan badituzte ere, gaur gaurkoz, ez dago Barandiaran, Gurutxaga eta Goikoetxearen buruan formato honetan emanaldi eskaintza iraunkorra lantzea. Baina aukera horri aterik ere ez diote itxi: "Gure zalantza eta kezkak baditugu eta ikusi egin nahi genuke Bergarakoa nola ateratzen den, formatoak ematen duen, jendeak nola hartzen duen... Nolabait esperimentu pilotu gisa ere planteatzen dugu, eta hortik aurrera pentsatuko dugu zerbait eskaintzeko moduan egon gintezkeen".

Egitaraua

Egubakoitzak Kartzelan egitasmoaren laugarren edizioan, bost emanaldi izango dira, orotara: Bi bala izango da lehena, eta beste lau etorriko dira segidan:

  • Maiatzak 3: Okene Abrego & Mariano Hurtado eta Buterflai

Okene Abrego & Mariano Hurtado (Iturria: 'musikazuzenean.com').

Urteak atzera Bap! taldeko kidea, eta egun Inoreneroni taldeko abeslaria dugu Okene Abrego. Erritmo azkar eta oldarkorrak jorratu izan ditu ohikoan, beti ere, bere ahots berezi eta sakonaz. Emanaldian,  Mariano Hurtado (Inoreneroni, El Hombre Burbuja) baxu-jotzailea izangp du taulan lagun.

Gitarra bat nahikoa du Buterflaik bere ideia libertarioak abesti bilakatzeko. Nekazaritza eta ekintza zuzena, bizitzeko beste molde bat defendatzen du Gaztelako kantautore anarkistak.

  • Maiatzak 10: Iñigo Cabezafuego eta Joseba B. Lenoir

Iñigo Cabezafuego. (Iturria: 'musikazuzenean.com')

Aski ezaguna da Bergarako gaztetxean Iñigo Cabezafuego (Bizardunak, Athom Rhumba, Basque Country Pharaons, Black Lagun, etab...). Oraingo honetan,  bakarlari gisa arituko da, formatu guztietan eroso dabilen musikaria dela frogatuz, beste behin.

Sexty Sexers, Sumision City Blues edo bestelako musika abenturetan ibilitako Joseba Baleztena ezkutatzen da Joseba B. Lenoir izenaren atzean. Musikalki oso unibertso pertsonalak ukitzen ditu egitasmo berri honekin, ohikoan entzun izan dugun rock&roll azkar eta zikinetik urrun. Instroak Vol.2 diskoko kantuak aurkeztuko ditu emanaldi honetan.

  • Maiatzak 24: Ainara Legardon eta Manett

Ainara LeGardon. (Iturria: 'musikazuzenean.com')

Mannet 2003an sortu zen Getxoko taldea da, orain arte bi maketa eta disko bat ekoiztu dute, Suburbia izenekoa Moonpalace Records-ekin. Pop amerikarra jorratzen dute eta azken urtean abesti berriak sortzen ibili ondoren zuzenekotara itzuliko dira kartzela zaharrean.

Musikaren munduan ibilbide luzea egin du Ainara LeGardon bilbotarrak, bakarlari bezala lau disko kaleratu dituelarik, Winslow Lab izeneko zigilu propioarekin. Intentsitate haundiko folk-rock bezala deskribatu daiteke bere musika.

  • Maiatzak 31: Morau eta Aguxtin Alkhat

Morau. (Iturria: 'musikazuzenean.com')

Andoni Tolosa Morau euskal idazle eta musikaria da. Gizartearen erretratu ironikoa eskaintzen duten pop kantu zuzenak egiten ditu eta Morau eta Agotak taldearekin batera ezaguna egin bada ere, bakarlari formatuan izango dugu oraingo honetan.

Aguxtin Alkhatek etorkizun markatua izan lezake euskal musikaren paisaian eta, bereziki, Iparraldean. Inhala hirukotearekin hasi bada ere musikagile-kantari gisa, heletarra, geroztik, herrialde elektrikoagoak bisitatzera abiatu da bakarka. Ahots hauskor baina beti trinkoarekin, testu aldi berean intimoak eta unibertsalak kantatzen ditu, noizbehinka 70ko hamarkadako US rock eszenara ekartzen gaituzten eraginekin.

Kontzertuak 22:00etan hasiko dira, inoiz baino puntualago, eta sarrerek hiru euro balioko dute.

Iturria: Goiena.net

Erantzun

Sartu