Teknologia albisteak

#Mendiak aplikazioak iPhone bertsioa eta webgunea ditu orain, Mendiak.eus

Erabiltzailearen aurpegia
2018-04-04 : 15:51

Iaz abiatu genuen Codesyntaxen Mendiak egitasmoa. Gure helburua izan da Euskal Herriko mendien informazio praktikoa eskaintzea mendizaleei eta, horrekin batera, mendizaleen mendi-ibilerak gordetzeko eta elkarbanatzeko modua eskaintzea. Guztia ere euskaraz, gezurra badirudi ere, gure mendien inguruan aurki dezakegun informazio gehiena erdaraz baitago sarean. Iaz Mendiak APPa garatu ostean, aurten bi garapen gehiago egin ditugu. Batetik, eta hau izan daitezke garrantzitsuena, Mendiak.eus webgunea argitaratu dugu; bestetik, Android aplikazioan ere eguneraketak egin ditugu eta iPhonerako bertsioa ere kaleratu dugu.

Mendiak.eus, Euskal Herriko mendien webgunea

Euskal Herriko Mendiak aplikazioaren bitartez, Euskal Herriko 1.500 mendiren inguruko informazioa ematen dugu. Mendi bakoitzaren fitxa eta informazio orokorra emateaz gain (kokapena, izen ofiziala, mapa, argazkiak...), mendizaleei euren igoerak markatu eta gordetzeko aukera ere ematen die. Mendiak igo ahala, aplikazioan gorde daitezke igoerak (noiz igo ditugun, zenbat aldiz, gure argazkiak, eta abar). Horrela, mendian barrena egiten ditugun igoeren artxibo moduko bat ere lortu dezakegu, gure estatistika pertsonalekin. Datu guztiak lagunen artean partekatzeko aukera ere badago, eta beste mendizale batzuen igoerak ere ikus ditzakegu.

GPSa aktibatuta, inguruan ditugun mendiak zeintzuk diren jakin dezakegu, mapak erabilita (OSM + Gmaps) gailurrera igotzeko bideak ere ikus daitezke kasu askotan, eta igoerak "zertifikatuta" geratuko dira (aplikazioak ziurtatzen du mendi bat "benetan" igo duzula). Mendirik garrantzitsuenen kasuan informazio praktikoa ere aurkituko duzu. Ondo bidean, informazio praktiko hori zabaltzen eta eguneratzen jarraituko dugu datozen asteotan, baita trackak gehitzen ere.

Esan bezala, iaz aurkeztu genuen APPa, eta esperientzia hartan oinarrituta, Mendiak.eus webgunea ere argitaratu dugu orain dela aste batzuk. Kasu honetan ere, webguneak Euskal Herriko (eta alboko lurraldeetako) mendien zerrenda eta informazioa eskaini nahi du; horrekin batera, mendizaleen mendi-ibilerak gordetzeko eta elkarbanatzeko modua ere eskaintzen diegu, eta guztia ere euskaraz, horrelako baliabideak, sarri-sarri erdaraz bakarrik aurki daitezkeelako. 

Mendiak.eus webguneak, gainera, Mendiak APPari esker mendizaleek markatzen dituzten igoerak eta partekatzen dituzten balorazio zein argazkiak ere erakusten ditu. Hala ere, funtzionalitate batzuk aplikazioan bakarrik daude eta norbere igoerak eta abarrak markatzeko aplikazioa jaitsi eta erabili behar da derrigor.

Mendiak APPa, teknikoki hobetuta, funtzionalitate berriekin eta iPhonerako prest

Arrakasta polita izan zuen aurkeztu eta berehala Mendiak APPak. Ziztu bizian gainditu zituen 10.000 deskargak; euskarazko aplikazio batentzat sekulako langa. Garbi dago mendizaletasuna ondo errotuta dagoela euskaldunon izaeran. Aplikazioa doakoa da, euskara hutsean dago eta Android Google Play zein iTunes (iOS) dendetan eskuratu daiteke. Izan ere, horixe izan da aurtengo erronketako bat, Mendiak aplikazioa iPhonerako ere prestatzea. Joan zen otsailetik eskuragarri duzu iTunes (iOS) dendan. 

Webgune berriaren garapenarekin batera, hartara, aplikazioan ere hobekuntzak egin ditugu azken hilabeteotan zehar. Ondorengo berrikuntza nagusiak azpimarratuko genituzke:

  • Azpiegitura teknikoa aldatu eta hobetu dugu. Horri esker, aplikazioa arinago dabil, Login sistema hobetu dugu, nabigazioa bizkorragoa da, GPSa zehatzagoa eta abar.
  • Mendizale bakoitzaren ezarpenak eta estatistikak ere aldatu egin ditugu. Erabiltzaile bakoitzak bere orrialdea dauka, bere igoera eta estatistikekin, bere argazkiekin, eta abar.
  • Iaztik hona beste 100 mendiren fitxak sortu eta argitaratu ditugu. Gainera, mendi ezagun eta igoenen kasuan, euren fitxak ere editatu egin ditugu, informazio osagarria emanez, argazki gehiago eskainiz eta informazio praktikoa ere erantsiz (mendi bakoitza nondik igo daitekeen eta zenbat denboratan). Hurrengo urrats batean,
  • Aldaketa teknikoei esker, esan bezala, iPhone bertsioa ere atera dugu.
  • Mapa sistema ere aldatu dugu, bista batzuetan OSM mapak erabiliz, GMaps-en ordez.
  • Aplikazioa eta webgunea integratu egin ditugu, sare sozialetan partekatzen dugun informazioa berdin-berdin zabaldu dadin APP daukatenen artean zein ez daukatenen artean.

 

Erantzun

Sartu