Eusko Ikaskuntzak euskararen normalizazioa hauspotzeko metodologia garatu du, euskalgintzako hainbat eragilerekin batera. Eusko Ikaskuntzaren XVIII. kongresuan amaituko den lau mintegiko prozesu bat irudikatu dugu eta lehenengo pausua ekainaren 2an izango da, Gasteizen.
Eusko Ikaskuntzako Mendeurrenaren harira, “Euskararen Etorkizuna” lan-taldea euskalgintzaren eta norbanako euskaltzaleentzat pentsatu eta prestatutako egitasmoa jorratzen aritu da. Azken hamarkadetan euskararen egoera hobetu den arren, urteotako lan eskergak euskalgintzarengan nekea eta ezkortasuna sortu ditu. Horretaz gain, asko zabaldu da garai edo paradigma berri batetara heldu garela aldarrikatzen duen mezua.
Aaron Hill-ek esana da “ez esan mundua zikin dagoenik betaurrekoak garbitzea ahaztu bazaizu” eta nolabait bat egiten du euskalgintzak egindako irakurketarekin: begirada berri bat behar dugu, ginenaz, garenaz eta izango garenaz. Horretarako, euskarak orain arte egindakoa modu baikor batean ikusteko eta euskaldunen komunitateak euskaraz garatzeko dituen aukerak zeintzuk diren jakiteko prozesu bat abiatu nahi dugu.
Beste esparru batzuetatik hartutako metodologiak euskararen biziberritzera egokitu ditugu (irakurri dokumentu hau informazio gehiagorako) eta “e5: Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen” izena jarri diogu egitasmoari, (komunitate euskaldunaren) plangintza estrategikoa burutzeko prozesu parte-hartzailea delako honako hau.
Egitasmo honen baitan hainbat mintegi antolatu ditugu eta mugarria hurrengo urtean ospatuko den Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua izango da. Lehen pausua, aldiz, ekainaren 2an izango da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian eta zuen denon parte-hartzea nahiko genuke, ahalik eta prozesu aberasgarriena izan dadin. Prozesu horretatik eta zuen ekarpenetatik atera litezke euskararen biziberritzerako hurrengo urte edo hamarkadetan jarraitu beharreko pausuak.
Hauxe da mintegi horretarako aurreikusi dugun egitaraua:
16:00-16:15 Saioraren irekiera
16:15-16:45 e5 egitasmoaren aurkezpena
16:45-17:30 Kontraste-elkarrizketak: Proposatutako eredua indartzeko ekarpenak
17:30- 18:45 Tailer apreziatiboa: Komunitatearen kapitalen mapa agerrarazten
18:45-19:00 Itxiera
Izena eman nahi baldin baduzu, dagoeneko hemendik bertatik egin dezakezu, eta edozein zalantza edo gomendio bazenu, Eusko Ikaskuntzako Josune Etxaniz eta Beñat Garaio zuen eskura izango dituzue.
Oraindik gure berri izan ez baduzue, hurrengo asteetan komunikabide eta sare sozialetan e5-i buruzko albiste eta eduki gehiago gehitzen joango gara. Ekainaren 2an eta prozesu honetan zehar elkarrekin lanean jardungu dugulakoan, laster arte!
Erantzun
Sartu