Eusko Jaurlaritzak Landare, Lore eta Sustraia izeneko ikerketa baimenak eman dizkie Shesa elkarte publikoari eta Petrichor Euskadi enpresari hidrokarburoak bilatzeko. Guztira, 1.306 kilometro koadroko zabalera hartuko dute baimenek, eta Bizkaian eta Gipuzkoan daude, nagusiki, baina Arabaren zati bat ere hartzen dute. Berriztu ekimenak salatu du Armentia-2 zundaketa baimenduko lukeen aldaketa proposatu duela EAJk Gasteizen.
2011. urtean aurkeztu zituzten enpresek hiru ikerketa baimenak. Garai horretan Eusko Jaurlaritzaren asmoa haustura hidraulikoa baliatzea zen. Ordea, 2016an Arantxa Tapia sailburuak jakinarazi zuen gasaren presentzia ikertzeko fracking teknikari uko egingo ziola.
Berriztu eta Fracking Ez plataformek Armentia-2 asmoaren inguruan gasteiztarrek duten "erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu dute, eta hurrengo udal osoko bilkuran mozio bat aurkeztu dute, egungo arautegi urbanistikoa aldatzearen inguruan herri-kontsulta bat egiteko proposatuz.
Erantzun
Sartu