Kostas Lapavitsas Syrizako legebiltzarkidea da, eta irakaslea Londresko Unibertsitateko Ekialdeko eta Afrikako Ikasketen Fakultatean. Finantzen Ekonomia Politikoa irakasten du. Gainera, The Guardianeko zutabegilea da. Haren hitzaldi baten aldi bereko itzulpena egin dut euskarara, beheko bideoan daukazue.
Uztailaren 16an hitzaldia eman zuen ingelesez Atenasen, ikasle eta irakasleentzat, "Ezagutu dugun munduaren amaieran" jardunaldien barruan. Bere tesia: Greziarentzat, eurotik irtetea da aukera bakarra. Aldi bereko itzulpena egin diot (bideoa erabiliz, ez nintzen bertan izan), eta euskaraz entzun dezakezu beheko estekan. Ordu erdi irauten du. Gero galdera erantzunak egon ziren, eta oso debate sutsu eta bizia. Ingelesez The Real News Networkek zabaldu du eta hemen dago osorik.
Hitzaldian Lapavitsasek lehendabizi azaltzen du zertan den Greziak sinatu berri duen erreskate akordioa, eta zergatik den txarra; gero digresio bat egiten du diruaren historia eta izaerari buruz, azaltzeko euroa benetan zer den, eta hortik abiatuta, zergatik den ezinezkoa aldaketa soziala Eurogunearen barruan eta zergatik izan den, eta den, okerra ezkerraren estrategia; hurren, azaltzen du zein zen bere ustez Sirizako gobernuak eduki zezakeen jokaera koherente bakarra eta zergatik; azkenik, bere proposamena azaltzen du: eurotik irtetea, eta zein den horretarako plana, puntuz puntu.
Oharra: hitzaldia biziki interesgarria da, baina, horretaz gain, ni bezala oratoriaren forofoak bazarete, uste dut estimu handian izango duzuela.
Baina gainera, eta hau da harrigarriena, dirudienez (halaxe dio jatorrizko bideo luzean, bere hitzaldia hasi aurretixe), hitzaldi INPROBISATUA da!! ("this was unplanned, it is a cameo appearance").
Oh là la! Halako hizlaririk!!
Barkamena eskatzen dizuet aldez aurretik nire interpretazioak halako jardun zoragarriari kenduko dion distiragatik.
Erantzun
Sartu