Teknologia albisteak

Amarapedia, auzolanean Wikipedia eraikiz

Erabiltzailearen aurpegia
2015-05-25 : 08:09

Maiatzaren 30ean, 11:00-20:00 artean, Olatu Talka jaialdiaren baitan, Amarapedia ekimena burutuko dugu Donostiako Mentxu Gal Lorategietan. Wikipediako ezagutza eta amaratarren auzoari buruzko esperientzia uztartuko dituen Wikipedia edizio-maratoia.

Auzoa bera eta auzotarrak izango dira protagonista, Amarari buruzko ezagutza sortu eta zabalduz Wikipedia entziklopedian:  artikuluak idatzi, dokumentatu, argazkiak atera, eraikinak mapan kokatu... modu ezberdinak daude parte hartzeko, norberak topa dezala bere gustokoena!

Amarapedia Donostiako kultura eragile eta wikilari zenbaiten eskutik abiarazitako ekimena da, Amara auzoko hiritarren beraien parte hartzeaz auzoko kultura sortzea eta zabaltzea xede dituena. Ez da ezerezetik sortutakoa, izan ere, Amarauna ekimenarekin auzoan hasitako lan komunitarioari jaraipena eman nahi genioke. Euskarazko Wikipedia abiapuntu hartuta, ahalik eta hizkuntza gehienetara itzuliko ditugu artikuluak eta QRpedia kodeak sortuko ditugu. Hauekin, artikuluak hautatutako hizkuntzan irakurriko ditugu mugikorra erabiliz.

 Nork parte har dezake?

Edonork parte har dezake, jakin-mina eta gogoa dira ezinbestekoak. Ezagutza eta zaletasunen arabera, dinamika batean edo bestean parte har likete. Hona proposatzen ditugunak:

Edit-a-thon - Amarapedia lantegia

Edizio maratoia, Edit-a-Thona, irekia egongo da 11:00 – 20:00 bitarte eta bertan Euskarazko Wikipediako zenbait kide egongo dira trebatutako wikilariak laguntzen. Honetan parte hartzeko aldez aurretik Wikipediaren inguruko oinarrizko ezagutza izatea komenigarria da. Antolakuntzak 15 ordenagailu jarriko ditu. WIFI gunea izango da eta jendean animatu nahi dugu bere eramangarria hartuta joan dadila. Lanean aritzeko mahaiak, aulkiak eta konexioak erabilgarri izango dira. Ikusi osatzeko eta sortzeko artikuluak.

 Argazki zaharrak ba al dituzu?

Amarari buruzko argazkiak bildu nahi ditugu, zahar zein berri. Etxean dauzkazunak ekarri eta guk eskaneatuko ditugu. Kopia digitala izateaz gain gainerako guztiekin partekatzeko aukera izango duzu.

 Argazki erronka: lagundu auzoa irudikatzen

Irudi batek mila hitzek adina (edo gehiago) balio duelako, atera auzoari argazkiak! Monumentu handi, txiki, ezagun zein ezezagunak, argazki piloa behar ditugu! Begiratu falta ditugun erakin eta monumentuen zerrenda eta bidali zure argazkiak. Egokienak artikuluetan txertatuko ditugu.

Amaran Hamaika Hizkuntza: Itzuli, traduce translate, traduit!

Euskara ez dela zure ama hizkuntza? No problem!! Ikusi Amarari buruzko artikuluak eta itzuli zati bat zure ama-hizkuntzara! Eman dezagun Amara ezagutzera bertako hizkuntza guztietan.

JARDUERAK: Wikipedia Ikastaroak

Maiatzean zehar doako 3 ikastaro eskainiko dira Wikipediako erabilpenean trebatzeko. Bertan Wikipedia nola funtzionatzen duen eta nola erabiltzen irakatsiko da. 4 orduko ikastaroak izango dira eta 2 orduko 2 saiotan banatuko da. Informazio gehiago hemen.

Maiatzak 30ean, jarduera ugari bilduko ditu Amarapediak. Aurretik aipatutako Wikipedia maratoiaz gain, hitzaldi eta mahainguruak izango dira:

  • 12:00-12:30: GUIFINET azpiegitura sare askearen aurkezpena

  • 16:00- 17:00 Kafea, hizkuntzak eta Wikipedia: Euskara ama-hizkuntza ez dutenen eta euskal wikilarien arteko topagunea, Amarari buruzko ezagutza ahalik eta hizkuntza gehienetara eramateko. Hizkuntza Eskolarekin lankidetzan, dagoeneko Amarapedia oinarrizko testua 28 hizkuntzetara itzultzea lortu dugu jada.

  • 18:00-19:00: Viquipedia: Kataluinako esperientzia. Esther Solé (Amical Wikimedia). Artearen historian lizentziatua, Wikipediaren inguruko hainbat wikiglam tankerako ekimenen antolakuntzan parte hartu du eta wikilari-egoiliar bezala ere aritu da Morera Museoan.

  • 19:00-20:00: Euskarazko Wikipediari buruzko mahai-ingurua: Euskarazko Wikipediaren inguruko erronken inguruan arituko dira Wikipedian eskarmentua duten wikilariak. Parte hartzea irekia izango da. Aukera on bat erabiltzaile zaharrak eta berriak elkarrekin topatzeko eta gure Wikipediaren etorkizunaz hitz egiteko.

Hurbildu larunbatean Amarapediara, munduko lehen Wikipedia auzoa eraikitzera. Bertan topo egingo degu!

Erantzun

Sartu