Ez da lehen aldia Euskaltelen erabakiekin txoke egiten dudana. Oraingo honetan kabreatuagoa nago, uste dudalako jendeari burla egiten ari direla, eta askoz haserreago 'kaltetutakoak' nire gurasoak direlako.
Telefonoz saldu diete nire gurasoei futbol guztia 10€-gatik ikusteko aukera (euren webgunean ez dut aurkitzen eskaintzaren informaziorik, baina bai blogean). Nire gurasoak ez dira batere teknofiloak eta galdetu zieten ea erraz kudeatzeko moduko kontua zen, eta erantzuna noski baiezkoa izan zen. Euskaltelen denda batetik pasa, aparatutxo bat hartu, konektatu eta prest.
Jaso zuten ba aparatua eta, horrelakoetan ohikoa izaten den bezala, niri deitu zidaten etxetik pasa eta martxan jartzeko. Horrela ba, lana bukatu eta gero pasa nintzen gurasoen etxetik. Ez nuen oso ondo ulertzen zer katxarro jarri behar zen, Euskaltelen telebista zerbitzua kontratatuta daukate nire gurasoek, eta normalena Euskalteleko dekodegailutik seinalea banatzea litzateke. Horrela ba, pentsatu nuen dekodegailuari egin beharreko zerbait izango zela (garai bateko GOL televisionen antzeko zerbait).
Gurasoen etxera heldu eta zer aparailu konektatu behar nuen galdetzean, nire amak Google-ko logoa zuen kutxa zuri bat erakutsi zidan: Chromecast bat zen. Guztiz harritu ninduen, izan ere aparailu horrekin finean, telefonoko edukia telebistan ikus dezakezu, baina gehiagorik ez. Ez nuen ikusten nola izan zitekeen posible futbola ikustea Chromecasta bakarrik erabilita. Pentsatu nuen, agian Euskaltelek akordioren baten bidez-edo Chromecast pertsonalizatu bat edo banatu ote duen.
Chromecasta konektatu eta konfiguratu ondoren ikusi nuen Google Playn eros daitekeen Chromecast normal-normal bat zela. Hortaz, eta futbola nola arraio ikusi behar zen asmatzen ez nuenez, telefonoz deitu nuen. [Hemen kasuarekin zerikusirik ez daukan anekdotatxo bat: nire amaren teorietako bat frogatzeko aprobetxatu nuen, erdarazko zerbitzua askoz azkarragoa dela. Hortaz froga hau egin nuen, fijotik euskarazko arreta eskatu nuen, eta hogei minutu pasatxo zirenean mugikorretik erdarazkoa, ba erdarazkoan bost minutu baino lehen hartu zidaten, euskerazkoa zain zegoen bitartean.]
Arreta zerbitzukoari galdetu nion ea nola zen posible Chromecasta erabilita futbola ikustea, eta hemen hasten da nire haserrea. Azaldu zidan, nola Euskaltelek ez duen zuzenean ematen futbola, baizik eta Chromecast hori alokatzen duela gero Bein connect izeneko aplikazio batetik ikusteko. Noski aplikazio hori erabiltzeko zerbitzura harpidetu behar zara, eta zerbitzu hori da hilean 10 € kostatzen dena. Akabo! webgunean sartu, izen ematea, ordainketa pasarela,... (gogoratu zerbitzua saltzean esandakoa, 'jarri telebistan eta listo, errex, errexa').
Eta, klaro, hori ez da nahikoa, aplikazioa telefonoan instalatu eta gurasoei erabiltzen erakutsi. Guretzako ez da konplikatua, ados, baina nire gurasoen telebista-kontsumo patroietatik guztiz kanpo dago telefonoko aplikazio bat erabili behar izatea telebista ikusteko.
Horretaz gain, jakin badakit Chromecastarekin gauzak ez direla beti lehenengoan ateratzen eta saiatu nintzen hori gurasoei azaltzen. Baina berriro diot, telebista-kontsumo patroietatik guztiz kanpo dago. Eta nire usteak betetzeko, atzo gauean futbola ikusten ahalegindu zirenean, pausu guztiak ondo egin arren, aplikazioak ez zuen cast egiten telebistara eta, hortaz, nire gurasoek ezin izan zuten ordaindutako zerbitzu hori erabili.
Bereziki larria iruditzen zait Euskaltel egiten ari dena. Indiskriminatuki banatzen ari da, erabilera sinplekoa ez den gailu bat edonori, eta gainera gezurrretan, erabilera baldintzak azaldu gabe eta erabilerari buruzko batere azalpenik eman gabe. Gogoratu konektatu eta listo hitzak. Bestalde, beste zerbitzu bat kontratatu arazi diete nire gurasoei aurrez inongo azalpenik eman gabe (hornitzailez aldatzen badira seguru nago ez direla gogoratuko Beinconnect-ekoari baja ematen). Eta larriena iruditzen zaidana, nori kexatu behar zaie orain nire gurasoak atzo futbola ezin ikusteaz? Nire gurasoek naturalki Euskaltelera deituko dute (ustez beraiekin kontratatu dutelako), baina klaro, esango nuke Euskaltelek Beinconnect-eri botako diola kulpa.
Berriro ere Euskaltelek argudiatuko du beraiek ez dutela inor derrigotu, ezdakit nongo webeko link ezkutuan argi eta garbi azaltzen direla erabilpen baldintzak, eta euren burua enpresa garbi eta zintzo bezala azaltzeko beharrezko marketing, abokatu eta enparau guztiak erabiliko dituztela. Baina ez da horrela.
Argazkia: Euskaltel.
Erantzun
Sartu