Edo izan zitekeen Zubiak dantzan ere egin zuen. Abenduaren 16an izan zen, Portugaleten, Zubi-Alde Kiroldegia jarrilleroz bete-beterik zegoela. Egun eta ordu horretan ikusi zuen argia bi urte lehenago herriko lagun-talde batek izandako ametsa: Portugaleten Pastorala egitea! Hasieran hiru txororen ideia zirudienarekin hirurehundik gora herritarrek egin zuten bat eta guztien artean ondu zuten ZUBIA izeneko herri-antzerkia.
Antolatzaileek "pastorala" deitu zioten hasieran bere proiektuari aho txikiarekin, jakitun ez zituela pastoral klasikoaren ezaugarri guztiak betetzen, nahiz keinu ugari egin (elkarrizketetarako erabiltzen diren kopletarako doinu ezaguna, pertsonaia kontrajarriak: aberats/pobre, burgesa/herritarra, eskuin/ezker ...) Azken batean, omenaldia egin nahi izan diote pastoralari herri-antzerkiaren bidez.
Pastorala izan zein ez izan, badu elementu ezohikoa: protagonista nagusia Bizkaiko Zubia zen, 2018an 125 urte bete zituen zubia. Eta antzezlana, zubiak berak bere bizitzan ikusitako jazoera historiko nagusien kontaketa: sortze-prozesua bera, inaugurazio ekitaldia, gerra eta gerraostea, diktadura, iraultza soziala, langileen mugimenduaren hasiera eta loratzea, euskararen berpizkundea ... Eta jazoera hauen guztien kontalari eta narratzaile, zubia, esan bezala.
Eta honetan bai ez dagoela dudari, antzezlanaren izaera herritarrean: hasieratik bertatik bere sorkuntzan, antolaketan eta garapenean: herritik, herrirako herriak ondutako lana. Izan dute, hori bai, profesionalen laguntza: alde batetik, herriko musika-bandaren zuzendari Jabier Ituarte Ondarruko semearena (bera izan da zuzendarik musikala); bestetik, Iñaki Aurrekoetxea bertsozala, bertso-epaile irakasle gernikarrarena. Beraien ekarpenarekin batera, ezinbestekoa izan da hiru zuzendari artistikoen lana, hirurak herriko dantza talde batzuetako dantza-maisuak: Eneritz Mancisidor, Iker Gil eta Luis Miguel Aretxaga. Baina, gauza guztien gainetik, herriko norbanakoen lana: batzuek dantzan, kantuan, musikari edo aktore lanetan (azpimarratzekoa, zubiaren rola bete duen Nahikari Yubero gaztearen lana); eta beste batzuen lan anomimo, izkutukoa eta ixila arropen kontuak konpontzen eta atontzen; atrezzorako behar ziren tresna guztiak lortzen handik edo hemendik; beste batzuek, azkenik, proiektu osoak aurrera egin zezan dirulaguntza emango zuten babesleen bila (udala, bera, BBK, Euskadiko Kutxa, Petronor, BFA, herriko enpresa txikiak...)
Hasieran esan bezala, arrakasta izugarria izan zen. Horren erakusgarri da hainbat eta hainbat herritar geratu zirela sarrera lortu ezinik. Hori dela eta, pentsatzen ari dira bigarren emanaldia noiz eman. Eta, egon larri, agian beste proiektu berriren bat abian jartzeko. Izan ere, lortutakoak (neke eta esfortzu askorekin izanda ere) hainbat eta hainbaten gogoak eta bihotzak berotu, poztu eta poztu ditu.
Erantzun
Sartu