Nafarroako eremu mistora berriki sartutako Udal batzuek euskara puntuatzen hasi izana positiboa bada ere, oro har, egonkortze prozesuekin administrazio gaztelaniadun elebakarra bultzatu da Nafarroan, Euskararen Ordenantza saihestu dute eremu mistoko zenbait udalek, eta eremu “ez euskaldunean”, Arartekoaren gomendioei muzin eginez, kasu askotan atzerriko hizkuntzak baloratu dira, euskara baztertzen zen bitartean.
Administrazio Publikoetan lanpostuak egonkortzeko prozesuak lehenengo fasea burutu du: Deialdiak argitaratzea. Hauexek dira ondorio batzuk:
LEHENENGOA.- Nafarroako Gobernuak oso lanpostu gutxi atera ditu profil elebidunarekin, Plantilla Organikoak dituen gabeziengatik. Oraindik ez da onetsi Nafarroako Administraziorako merezimenduen dekretua, baina lege baten bitartez Merezimenduen Dekretuaren proiektua aplikatu da euskara baloratzeko (edo ez baloratzeko). Hala, eremu mistoko lanpostu batzuetan baloratu da euskara jakitea, baina ez guztietan.
BIGARRENA.- Iruñeko Udalak egonkortze prozesua erabili du euskara ia erabat baztertzeko. Gizarteratzeko Goi Mailako teknikarien lanpostuak izan dira salbuespena (euskara puntuatu baitu, gutxi bazen ere). Haur Eskoletan oraingo ereduak finkatzera jo du. Euskaraz jakitea eskatu du lanpostuen % 19’44tan. Hori izanen da eskaeraren muga. Nola konponduko du egoera, eskaera handiagoa denean?
HIRUGARRENA.- Nafarroako Unibertsitate Publikoak lanpostu elebidun gutxi atera ditu, bere Plantilla Organikoaren arabera. Gehienetan euskara puntuatu du, batzuetan nahiko ongi.
LAUGARRENA.- Hasieratik eremu mistoan dauden Udaletan gabezia batzuk atzeman ditugu. Udal handietan hauxe azpimarratuko genuke:
- Lizarrako Udalak ez du bere Euskararen Ordenantza bete lanpostu gehienetan (euskarari % 6ko balioa ematea ezartzen du).
- Eguesibarko Udalak ere berdin jokatu du askotan (euskararen baloraziorako % 3 ezartzen du, eta % 6 jendaurreko lanpostuetan).
- Barañaingo Udalak ere ez du lanpostu gehienetan euskara kontuan hartu (bere Euskararen Ordenantzak, ordea, hori ahalbidetzen dio).
- Burlatako Udalak ez du euskara baloratu zenbait lanpostutan, nahiz eta bere Plantilla Organikoak agintzen zion baloratzea.
- Berriozarko Udalak ez du beti euskara puntuatu, nahiz eta Euskararen Ordenantzak hori agintzen dion.
BOSGARRENA.- Eremu mistora berriki sartutako Udal batzuek aprobetxatu dute lehenengo aldiz euskara puntuatzeko. Ez denek, ordea.
SEIGARRENA.- Eremu “ez euskaldunean” euskara ez puntuatzeaz gain, kasu askotan frantsesa, ingelesa eta alemana puntuatu dute.
ZAZPIGARRENA.- Eremu mistora berriki sartutako Udal batzuek euskara puntuatzen hasi izana positiboa bada ere, oro har, egonkortze prozesuekin Administrazio gaztelaniadun elebakarra bultzatu da, Euskararen Ordenantza saihestu dute eremu mistoko zenbait udalek, eta eremu “ez euskaldunean”, Arartekoaren gomendioei muzin eginez, kasu askotan atzerriko hizkuntzak baloratu dira, euskara baztertzen zen bitartean.
Erantzun
Sartu