Teknologia albisteak

Euskarafobiaren gida eta lantokian euskarafobia salatzeko bidea zabaldu ditu ELAk

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 08:55

Egin planto euskarafobiari leloarekin ELA sindikatuak euskarafobiari aurre egiteko gida edo dekalogo bat argitaratu dum adibideen zerrenda bat, detektatzeko kasuak. "Euskarafobia herritar euskaldunekiko ezinikusia da" definizioarekin hasten da dokumentua. Gida honen argitalpena salaketa-txoko baten irekierarekin bat dator. Jokabide euskarafoboak, "kalean bezala, lantokian ere" salatzeko hemen dago txoko hori. Informazio gehiago ELAk zabaldutako albistean, eta hemen duzue gidaren PDFa bera.

 

Euskarafobiari aurre egiteko gida baino, adibideen zerrenda bat da, hamaika puntukoa. Honakoak dira:

1 Hizkuntzaren lapurreta: Euskara jakiteko aukera kentzen dizutenean

Gaztelania edo frantsesa euskal gizartearen %100ari inposatu zaizkio, derrigorrez, salbuespenik gabe. Mendetako zapalkuntza planifikatuaren ondorioz, dagoeneko oharkabean ikasten ditugu bi Estatu-hizkuntzak. Euskal Herritarroi, baina, ez zaigu bermatzen, eskaintzen eta ez dira baliabide nahikoak eskaintzen era berean gizarte guztiak euskara beregana dezan. Esaterako, EAEn bertan ere euskara ikastea oraindik ez da doakoa (gaztelera / frantsesa ikastea bai) edota euskara lanordutan ikastea ez da langileon eskubidea, eta ondorioz, beste hamaika traba tarteko, euskal herritar askori euskara ezagutzeko eskubidea lapurtu zaie.

2 Hizkuntz mendekotasuna: Ez dizutenean euskaraz egiten uzten

Euskaldunok erdarara jo ohi dugu erdaldunen edota ezezagunen aurrean, ez “edukazioz”, sumisioz baizik (edukazioa bi norabidetakoa da). Euskarafobia adibide agerikoena da baina, era berean, ezkutuen dagoena, euskaraz egiteko aukerarik ez izatea normalizatuta baitago.

3 Babesgabetasun ikasia: Norbere hizkuntza bazter uzten denean

Babesgabetasun ikasia (kolonizatuaren sindromea) arazo psikologikoa da: zapalkuntza-egoerei aurre egin arren aldaketarik eragitea lortzen ez dugunean etsipena errotzen zaigu, eta neke psikologiko horren ondorioz, ondorioztatzen dugu “onena” ez saiatzea dela. Horregatik, euskaldun gehienek erdaraz egiten diete lehen hitza ezezagunei, tabernariari, poliziari, medikuari…

4 Euskarafobia hutsala: Euskaldunak aintzat hartuak ez direnean

Erasotzea baino eraginkorragoa izan daiteke ezikusiarena egitea. Erasoa zuzena ez denez ez du erantzunik eragiten, erasoaz jabetzea ere zailagoa da, eta salatzea are gehiago: saltokian arreta eta errotulazioa erdara hutsez, tabernan zurito bat eskatu eta “no te entiendo” entzun beharra, poliziak “buenos días” edo “bonjour” bai baina egun onik ez, jatetxeko karta erdaraz bai baina euskaraz ez… 5 Euskarafobia legez inposatzen denean. Euskaldunon aurkako lege, agindu eta debekuen zerrenda oso aspaldikoa eta amaigabea da (ikus Torrealdairen “Asedio al euskera”, Urrutia eta Irujoren “Historia Jurídica de la lengua vasca”, Azurmendiren “Españolak eta euskaldunak”…). Honen aldaera bat “Justizia” delakoak eragindako euskarafobia da, epaileek euskaldunon hizkuntza eskubideak murrizteko legea bihurritzen dutelarik. Hego EHko oldarraldi judiziala, Nafarroako Merituen Dekretua, Iparraldean eskubide guztien ukatzea, berbarako.

6 Euskarafobia politiko, intelektual eta patronala: Botereak euskaldunak gutxiesten dituenekoa

Espainiako eta Frantziako botereek etengabe gutxietsi eta baztertu gaituzte euskaldunak, gaurdaino. Enpresari asko ere, langile eta bezero euskaldunak gutxiesten nabarmendu dira. Intelektual eta politikari euskarafoboak ere badira, eta ez soilik españolak edo frantsesak: horra hor Unamuno eta Pío Baroja aspaldikoak, baina baita egungo De Andrés, Mendia, Ibarrola, Chivite, Andueza eta abar ere. Gutxiespen sistematikoaren ondorioz, euskaldun askok euskara baztertu dute.

7 Euskarafobia mediatikoa: Hedabideek zapaldua zapaltzailea dela sinestarazi nahi dutenean

Ugariak dira hedabide euskarafoboak, euskararen normalizazioaren aurkako berriak eta iritzia hedatu, euskarari edo euskaldunoi kutsu ezkorra atxiki, edota euskararen derrigortasuna iradoki ohi dutenak, Euskal Herrian inposatutako hizkuntzak gaztelera eta frantsesa izan arren. Vocento taldeko hedabideak euskarafobo sutsu eta tematiak dira, baina hedabide “aurrerakoi” espainiar eta frantsesen ekarpena ere, ukaezina da.

8 Supremazismoa: Erdaldunek botereak emandako nagusitasuna baliatzen dutenean

Erdaldun askok, erdaraz jarduteko eskubidea euskaraz aritzeko eskubidearen gainetik dagoela uste du, botereak horretan hezi dituelako (eta gaituelako). Horregatik, euskaldun askok bazterketa eta menpekotasun-egoerak barneratu eta normalizatu dituzte. Besteak beste, lantokiko bilerak, laneko agiriak, jarraibideak… erdara hutsez izatea da supremazismo horren adierazle egunerokoan.

9 Euskarafobia ekonomikoa: dirusarrerak izateko erdaraz egin behar denean.

Espainiar eta frantses nazionalismoen, kapitalismoaren eta globalizazioaren eraginez, Frantsesa eta Espainiera gailentzen dira euskararen aurretik mozkin ekonomiko handienak izatea helburu. (Adibidez, influencer euskaldun gehienak gazteleraz edo frantsesez mintzo dira, euskaldunak bazter utzita.

10 Euskarafobia “progrea”: Euskaldun izate hutsagatik supremazismoa egozten zaigunean

Esparru jakinetatik euskaldunoi leporatzen zaigu gure egoera gutxituaren ardura, arrazakeria, burgeskeria, elitismoa eta gisako “bertuteak”. Guztiz kontrara, elebitasun unibertsalerantz jotzea da berdintasunerako eta gizarte-arrakalen kontrako abiapuntua. Ezin da ontzat eman gaztelania eta frantsesa izatea derrigor jakin beharreko hizkuntza bakarrak. Areago, euskara bere eremu naturalean, Euskal Herrian, berriro hizkuntza nagusia izatea litzateke bidezkoena.

11 Euskarafobia administratiboa: Instituzioek euskaldunoi hizkuntz eskubideak ukatzen dizkigutenean

Supremazismo espainiarrak eta frantsesak beren nagusikeria justifikatzen dute “espainiar” edo “frantses” guztien arteko “berdintasunaren” izenean, uniformizazioa “demokratikoki” ezarriz. Estatuon menpeko administrazioetan erabat, baina EAEko Administrazio publikoetan ere, oztopo handiak jartzen zaizkigu oraindik euskaraz jarduteko orduan Nafarroako Administrazio Publiko gehienetan euskaldunok ez dugu hizkuntz eskubiderik “eremu euskaldunetik” at, eta Iparraldean ez dugu legezko eskubiderik administrazio publikoen aurrean.

Erantzun

Sartu