Kime Amonarriz soziolinguistak artikulua idatzi zuen duela aste batzuk Guraso.eus agerkarian izenburu honekin: Zein da eskolaren helburua, euskarari dagokionez? Euskara irakasteaz gain, hiztun aktiboak sortzea ere funtsezkoa dela irizten dio Amonarriz, eta ikastetxeek, eskolek beraiek, horretara begira antolakuntzaren aldetik urrats batzuk egin ditzaketela dio.
Hona ikastetxeek egin ditzaketen batzuk, beraz:
- Klaustro osoak bat egin dezan helburu linguistiko hauekin, beharrezkoa den hausnarketa-, kontzientziatze-, prestaketa-, adostasun- eta motibazio-lana burutzea. Hiztun aktiboak lortu nahi baditugu hezkuntza-komunitatea osatzen duten partaide guztien, edo gehienen, atxikimentua eta inplikazioa beharko ditugu. Eta hori landu egin behar da, eta denboran mantendu.
- Ikasleen formakuntza soziolinguistikoa: euskararen historia, hizkuntzen arteko harremanen nondik norakoak, hizkuntza-aldaketarako metodologiak, euskararen aldeko mugimenduen bilakaera, hizkuntza gutxien egoera, euskararen kokapena munduko hizkuntzen artean, euskararen biziberritze-prozesuaren erreferentzialtasuna… Ikasleek ulertu egin behar dute zergatik ari diren euskaraz ikasten, eta zergatik den garrantzitsua euskararen biziberritze-prozesua. Bestalde, Euskal Herrian askotariko errealitate soziolinguistikoak daudenez, ikastegi bakoitzaren testuinguru soziolinguistikoa edo eremu batzuetan ikasleek senti ditzaketen gabeziak edo premiak ulertzeko elementu interpretatiboak eskaintzea ere, oso onuragarria izango da ikasleen autoestimua eta jarrera positiboak elikatzeko. Honekin batera, eleaniztasunarekiko errespetua eta ikasleen genealogia linguistikoak lantzea komenigarria litzateke.
- Gurasoak eta familiak ezinbestekoak dira prozesu hau aurrera joan dadin. Euskaraz jakin ala ez, gurasoek inplikatu egin behar dute seme-alaben euskalduntze-prozesuan, berauek motibatuz, prozesua erraztuz eta erabilerarako aukerak eskainiz. Baina, horretarako, ikastetxeek ondo informatu behar dituzte, izan ditzaketen zalantzak eta beldurrak argitu, prozesu honetan inplikatzeko aholkuak eta bideak eskaini eta haien atxikimendua landu.
- Azkenik, eta askotan errepikatu dugun bezala, eskola ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Hiztun aktiboak lortu nahi baditugu, nahi ta nahiezkoa da, eskola orduz kanpoko jardueretan ere euskaraz aritzea. Horretarako, udalen eta eragile sozialen konplizitatea eta inplikazioa bermatu beharko da, haur eta gazteekiko eskaintzak eta jarduerak euskaraz izan daitezen.
Lau puntu hauetakoa kontestuan eta azalpen gehiagorekin irakurtzeko, hemen Kike Amonarrizen artikulu osoa.
Argazkia: Azkoitiko eskolaumeen "aurre-Korrika" martxoan, Guka.eus, cc-by-sa.
Erantzun
Sartu