Teknologia albisteak

Hizkuntza Eskubideen Egoera 2025 txostena aurkeztu du Behatokiak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 17:10

Behatokiak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2025 txostena aurkeztu du aste honetan, eta bertan Hizkuntza Eskubideen Behatokiak aurten jaso dituen 984 intzidentzeen berri eman du. Horietatik 883 kexak izan ziren, hizkuntza eskubideen urraketen berri eman zutenak. gainerakoak, 69 zoriontze eta 32 kontsulta.

Laburpen gisa, administrazio esparruen araberako analisia eskaini du Behatokiak:

Euskal Hirigune ElkargoaEusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren kasuetan, herritarrek berariaz informazioa eta tramiteak euskaraz nahi dituztela adierazten ibili behar izaten dute oraindik ere. Zenbait lanpostu publikotan euskararen ezagutza ez izateak zerbitzua bera ez ezik, sistema osoak ere euskaraz funtzionatzeko izan behar lukeen gaitasuna oztopatzen du, eta azpikontratatutako zerbitzuetan, berriz, hizkuntza betebeharrekiko klausulak falta dira, edo ez-betetzeak kontrolatzeko mekanismoak.

Espainiako Estatuaren administrazioari dagokionean, azaleko aldaketa batzuk egin diren arren, praktikan euskararen aitortzak bigarren mailan egoten jarraitzen du, eta herritarrek, euskaraz aritu direnetan, eragozpenak jarri izana salatu dute. Kasu honetan ere, euskararen ezagutza nahitaezkoa ez izateak sistema osoan hizkuntza eskubideen bermea eragozten du.

Frantziako Estatuaren administrazioen ukazio sistematikoak, bestalde, bertako hizkuntza eta hiztunen eskubideen zapalkuntza erabatekoa eragiten du. Jasotzen dituzten zerbitzu publiko gehienak euskaraz jasotzeko ezintasuna salatu dute herritarrek, eta, horrez gain, justizia, hezkuntza edo osasungintzan baita albo-kalte ondorioak ere. Ez da kalitatezko zerbitzu publikoa izateko eskubidea behar bezala bermatzen, ez baitira planteatzen euskara erabiltzeko tresna edo neurri egokiak. Aitortza ezaz harago, euskara erabiltzeko debekuen isla ere izan dira jasotako intzidentziak.

Justizia sisteman Ipar Euskal Herrian 2025ean izan diren gertakariek hizkuntza eskubideen ukazioa eta defentsa eraginkorrerako eskubidearen urratzea azpimarratu zuten. Espainiako Estatuko administrazioaren pean dagoen justizia sistemaren funtzionamenduak ere gaztelaniaz izaten jarraitzen du, herritarren hizkuntza hautua zein kalitatezko justizia izateko eskubidea uneoro baldintzatuz. Baina, Eusko Jaurlaritzak eskuratutako justiziako eskumenetan ere, hizkuntza eskubide urraketa nabarmenak egiten jarraitzen da eta jardun gehiena gaztelaniaz egiten da. Euskaraz jarduteko proba pilotuak eta euskara planean ezarritakoak ez dira nahikoak EAEko justizia euskalduntzeko.

Toki entitateetan ere, erdaraz lan egiteko ohiturek eta euskararen ezagutzarik ez duten lanpostuek urraketak urtero errepikatzea eragiten dute, baita euskara ofiziala den herrietan ere. Kexak bideratu ostean zuzenketak egiten diren arren, aldi baterako seinaletika eta hizkuntza paisaiak kexa iturri izaten jarraitu du. Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan bereziki, sistemak euskaraz gaituta ez egoteak, euskararen ezagutza faltak edo euskarari bigarren mailako izaera emateak herritar horiengana erdaraz zuzentzea eragiten du, eta arreta eta informazioa zerbitzuak gaztelaniaz edo frantsesez nahi dituzten herritarren baldintza berberetan jaso ezina.

Erantzun

Sartu