Lanketa baten ondoren, Sustatu agerkariaren 'kode etikoa' deitu duguna partekatzen dugu gaur zuekin. Oinarri bezala, partaide garen Hekimen elkartearen kode deontologikoa bere osotasunean geure egiten dugu; baina puntu jakin batzuen gainean, geure ñabardurak gehitzen ditugu osagarri gisa (ez zuzenketa gisa):
Sustaturen Kode Etikoa
- Kalitateko eduki informatiboak, kulturalak, hezigarriak eta entretenigarriak bermatzeko xedea dugu, herritarrek arlo horietan dituzten premiak euskaraz gogobete nahian. Gure alor informatiboa, zentzu honetan, bereziki euskara eta teknologia gurutzatzen diren esparrua da, eta horretaz zorrotz informatzeko konpromisoa dugu.
- Gure edukiak lantzeko eta zabaltzeko orduan, irizpide profesionalei jarraitzen diegu.
- Herritarren parte-hartze demokratikoa eta kritikotasuna sustatzen ditugu, eta eduki interesgarriak emateko helburua dugu, ondo azalduta eta aztertuta eman ere, gaur egungo mundu konplexua ulertzen laguntzeko moduan. Zentzu honetan, teknologiaz ari garelarik, estekak eskainiz eta aipaturiko tresnak eta baliabideak ahal den neurrian zuzenean testatuz eta bisitatuz informatzen du Sustatuz.
- Herritarren parte-hartzearen puntuarekin lotuta, erregistratutako erabiltzaile guztiak aukera dute Sustatun erantzunak uzteko eta baita artikuluak argitaratzeko ere, baldintza batzuekin. Erantzunak automatikoki agertzen dira, baina artikulu berrien proposamenak onartzeko ilaran gera daitezke, eta argitaratuta geratzeaz aparte, gehienak azalera ere igaroko dira baina ez denak.
- Sustatura kargatzen diren erantzun eta artikuluetan ez dira onartzen akusazioak, irainak edo zeharo desegokiak izan daitezkeen edukiak. Halakoak baleude, eduki horiek kentzeko eskubidea dauka Sustatuk. Erabiltzaile jakin batzuei edukia kargatzeko aukera ere ken diezaieke Sustatuk, spama, troll portaerak edo jokabide desegokiak errotik saihesteko. Erabaki horiek edizio-taldearen esku geratzen dira.
- Euskara eta euskal kultura dira gure nortasunaren muina, eta biek ala biek osatzen dute gure erreferentzia-eremua. Euskaldunon talaia berezi hori izango dugu munduari begiratzeko ikuspuntua, eta teknologiaren alorrean, horrek esan nahi du garrantzia berebizikoa ematen diegula burujabetza teknologikoari, software libreari eta eduki libreak sustatzeari. Berrerabilpenaren alde, morrontza teknologikoen kontra gaude.
- Euskal Herriko gizartearen ispilu izan nahi du Sustatuk, eta ahaleginak egiten ditu gizartearen errealitatea eta balioak jasotzeko, bere aberastasun guztian. Interes informatiboaren arabera plazaratzen dira bateko eta besteko iritziak, ikuspuntuak, adierazpenak, testigantzak eta abar, betiere kontuan harturik printzipio demokratikoak eta pentsamendu-askatasuna.
- Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzen du Sustatuk. Emandako informazioetan, irudi, testu eta ikus-entzunezko ekoizpenetan, ez da onartzeb emakumeen diskriminazioa banalizatu edo justifikatzen duen estereotiporik edo topikorik. Emakumeen kontrako indarkeria fisiko, sexual eta psikologikoa pertsonen askatasunaren kontrako erasotzat jotzen da. Halaber, ez da onartzen hizkera homofoborik, lesbofoborik edo transfoborik.
- Jakitun gara hedabide gisa funtsezkoak garela gizartea jabetu dadin gaur egungo ingurumen-arazo larriez: klima-aldaketaz, biodibertsitate-galeraz, natura-baliabideen ustiapen neurrigabeaz eta horrek guztiak gizakien osasunari eta bizimoduari dakarzkien kalteez, besteak beste. Kontzientziazioa eta jokabide arduratsuak sustatu nahian, Sustatuk ikerketa zientifikoen berri ematen du, eta teknologiaren erabilpen arduratsuaz ohartarazten du bere ildo informatiboan.
- Sustatuk bat egiten du Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalarekin, eta elkartasuna, bizikidetza eta justizia soziala sustatzen ditu.
Osagarri gisa:
Irudia, 2021ean 20 urte bete genitueneko irudi promozionala. Datorren urtean, 2026ko udazkenean, 25 urte beteko ditugu.
Erantzun
Sartu