Atzo hil zen Elena Barrena Osoro (Eibar, 1953) historialari eta irakaslea hil da. Gipuzkoako erdi aroko historia ikerketan jardun zuen bereziki, eta Ipuscua izenaren lehen agerpenaren 1000 urte bete direlarik 2025 honetan, liburu bat argitaratu zen Barrenari gorazarre egiteko otsailean, eta euskarazko Wikipedian ere lehiaketa bat aktibatuta (Ipuscuatik Gipuzkoara) dago une honetan, beraren omenez eta Gipuzkoaren historia ardatz hartuta.
Filosofia eta Letretan Doktore, Historia atalean, 1998. urtean aurkeztu zuen doktore-tesia Deustuko Unibertsitatean, zeina hurrengo urtean La formación histórica de Guipúzcoa izenburuarekin argitaratu zen. Beste lan batzuk ere idatzi zituen Gipuzkoari buruz.
Ikerketa egin eta historia idazteaz gain, Barrena irakasle izan zen urte askoan. Eskolak emateaz gain, Deustuko Unibertsitatean hainbat ardura ere izan zituen eta Humanitateen Fakultateko dekanoa izan zen. Hala ere, emakumeek unibertsitatean oraindik kargu gutxi eta errekonozimendua eskasa zuten garaiak ere izan ziren, eta hori ere pairatu zuen.
Ereiten enpresak otsailean gorazarreko liburua egin zion: Gipuzkoa mila urteko historia; Elena barrena Osorori gorazarre. Ereiteneko taldeko David Zapirain irakasleak, bere ikasle izandakoak, honela deskribatu zuen Barrenaren lana otsailean:
Elenaren klaseak direla eta, historiari buruz jakin uste genuena hankaz gora jarri zuen. Tabuak hautsi zituen. Horretarako, guztiz berriak ziren ideiak, kontzeptuak eta gertakizunak ulertzeko tresnak eman zizkigun. Esate baterako, ezin ahaztu Roger Collins-en Los Vascos liburuaren irakurketa kritikoa. Liburua gaztelaniara itzuli berria zen. Autoreak maitekiro jorratzen zuen gaia, baina ez behar bezain zorrotz eta zehatz. Historia eta mitoa nahasturik, gertakizun historikoak, azalpen errazik ez zutenak behintzat, nolabaiteko magiaren ondorio balira bezala aurkezten zituen… Pentsamendu kritikoa, ofizioaren inguruko hausnarketa eta argudioak aurretik landu, eta metodologia sendoaren laguntzaz bermatuta, majo larrutu genuen Collinsen liburua. Gure lana kalitatez eta profesionaltasunez egin behar genuela konturatu ginen. Unibertsitatean ginen! Gertuko gizarteari ezer eskaini nahi izatekotan, beraz, karrera batean matrikulatzea ez zen aski. Trebatu, hobetu, saiatu… dialektika erabili behar zen eta horretarako ondo formatu behar.
Erantzun
Sartu