Agian entzun duzue edo ikusi duzue Adolescence telesailaren inguruan. Netflixen dago euskarazko azpitituluekin. Lau ataletan: nerabe bat atxilotua, ikaskide bat hila, aztoramendua sisteman, familian, ikastetxean. Sakoneko gaietako bat traman: Instagram-en erabilpen toxikoa, batetik nerabe eta ikaskideen arteko bullying egoerak sorrarazteko, eta bereziki manosfera esaten den horrekin Instagrameko giroak duen lotura. Gidoia da hori, fikzio bat; baina datuak ere badaude. Hona dakarkigun ikerketan ez da ageri Instagram, baiizik eta TikTok eta Youtube Shorts, baina analisia (Irlandan egin dute) beldurgarria da: horiek darabiltzaten mutil nerabeak berehala sartzen dira zurrunbilo toxiko batean. Lehen aldiz konektatu eta 20 minutu aski dira Andrew Tate bezalako bortxatzaileen zabor misoginoa gailentzeko algoritmoan.
Dublin Hiriko Unibertsitateak egin du ikerketa, eta metodologia azkar bat erabili dute. Telefono berri batzuk konektatu dituzte TikTok eta Youtube Shorts plataformetara, eta profil asmatu batzuekin, bideoak ikusteari ekin. Bi adin, 16 eta 18 urte, eta bi identitate-profil: mutil normatibo bat (kirolak eta jalakoak gustatzen zaizkio), eta manosferako elementu batzuetan interesa erakusten duena bestea. Manosfera da, kontestu honetan, ideia misoginoak nagusi diren espazio digital hori (man, ingelesezko gizon hitzetik eratorria). Ingelesetik abiatuta egin da esperimentua.
Emaitzak beldurgarriak dira. Klik batzuk eta bideo ikuskatze batzuk, eta aski dira 9 minutu, eduki toxikoa agertzen joateko.
Kontu Motua | TikTok (minutuak) | YouTube Shorts (minutuak) |
---|---|---|
16 urte (genero-normatiboa) | 7.1 | 17.3 |
18 urte (genero-normatiboa) | 14.8 | 2.0 |
16 urte (manosfera-bila) | 2.9 | 8.1 |
18 urte (manosfera-bila) | 22.0 | 1.9 |
Hau da, 16 urteko mutilei 10 mintuan agertzen zaie eduki antifeminista eta LGTBIQ komunitatearen kontrakoa. Trans pertsonen kontrako edukia, bereziki. 25 minuturen orduan, eduki toxikoa erradikalizatzen da, eta kopuruan ere gehitu. Bi edo hiru ordu erabiliz gero (eta hori ez da beste munduko ezer, bideo plataforma hauek duten kontsumorako), maskulinitate supremazista hasten da nahasten eskuin muturreko eduki politiko gardenarekin.
Ikusten diren bideoetako asko influencer maskulinoenak dira.
TikTok | Bideo Kopurua | YouTube Shorts | Bideo Kopurua |
---|---|---|---|
Andrew Tate | 93 | Andrew Tate | 582 |
Jordan Peterson | 61 | Tristan Tate | 114 |
Donald Trump | 51 | Myron Gaines | 69 |
Tristan Tate | 31 | Brian Atlas | 63 |
Myron Gaines | 28 | Piers Morgan | 53 |
Trump dago hor, eta Tate anaiak nabarmen (batez ere Andrew). Bortxaketa akusaziopean egon dira atxilotuta Errumanian, baina 2025 hasieran AEBetara egotzi dituzte libre, Trump administrazioaren bitartekaritzarekin.
Pertsonaiak aztertzeaz gain, toxikotzat jo dituzten edukien sailkapena ere egin dute ikertzaileek.
Horra pastela, ordubeteko erabilpenaren ondoren: alfa maskulinitatea, anti-feminismoa eta misoginia, eskuin-muturra, konspirazio teoriak, eta eragile toxikoen eduki generikoa (zer ote hori?).
TikTok okerra bada, Youtube Shorts are okerrago. Andrew Tate bezalakoak gehiago agertzen dira han, eta eduki toxikoa ere ohikoagoa da. Saltsa horretan agertzen diren beste elementu batzuk: transfobia, ordezkapen handiaren teoria supremazista, emakume anti-feministak tradwife rola defenditzen (Hannah Pearl Davis "JustPearlyThings" adibidez).
Dena dela, bereizketa hori (Google/Youtube jatorri amerikarrekoa, TikTok jatorri txinatarrekoa bain okerrago); neutralizatzen da hiru bat orduren buruan. Ordurako edukiaren gehien-gehiena toxikoa da baita TikTok-en ere.
Narratiba toxiko horiek ageri-agerian azaltzen dira sarri, baina zeharkako bide batzuetatik ere. Traol ohikoenetan, #motivation, #mindsetedo #success bezalakoak agertzen dira, auto-laguntza itxurapean, edo #foryou zuretzat (eta #fyp, zuretzat pertsonalki), hurbilpen angelu neutral batekin bezala. Baina horien azpian, esandako toxizitate hori.
Diruaren gurtza ere ikusten da, eta ikerlariek "neo-estoizismoa" deitu duten ildo baten aldeko diskurtsoa. Emozioak ukatzea litzateke neo-estoizismoa, maskulinitatea biguntzeko arrisku posible batetik defenditzeko narratiba.
Zer egin horren aurrean? Autoreek zera gomendatzen dute:
Ikerketa: Recommending Toxicity: The role of algorithmic recommender functions on YouTube Shorts and TikTok in promoting male supremacist influencers. Dublin Hiriko Unibertsitatea, Anti-Bullying Zentroa. PDF eran hemen.
Erantzun
Sartu