Teknologia albisteak

Gure lexiko berezia (baina ez munduan bakarra): Ahizpak eta arrebak, nebak eta anaiak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2025-04-10 : 09:14

Herenegun albistea egin genuen testeatuz Llama 4 adimen artifiziala (AA) edo hizkuntza eredu handia. Ahizpa/arreba proba pasarazi genion, eta gainditu zuela esan daiteke. Kontua zera da, beste hizkuntzetan apenas aurki daitekeen kontu batekin egitea galdera AAri, ea ulertzen gaituen edo. Izan ere, bereizketa lexiko honek, ahizpa/arreba terminoenak, oso parekidetasun gutxi ditu munduan. Kasualitatez, berriki ikusi ditugu erreferentzia batzuk, eta hona ekarri ditugu.

Batetik, gogoratzeko:

  • Ahizpa / arreba bereizketa euskararen esparru guztikoa da (aizta bezalako aldaerak barruan kontuan hartuta, noski).
  • Anaia / neba bereizketa Mendebaldeko euskarakoa da; gainerako moldeetan anaiak balio du guztientzat. Mendebaldean, hortaz, Karmele, Haritz eta Joseba senideak badira; Joseba Haritzen anaia da, baina Karmeleren neba.

Eta non dira ba honen paraleloak? Kaukasoko hizkuntza batzuetan nonbait, duela aste batzuetako hari honetan irakurri genionez hizkuntzalari honi. Hona adibideak:

  • Svan hizkuntzan (svaniera), მუხვბე muxwbe da anaia, ჯჷმილ cəmil da neba. Alfabeto hori georgierarena da, haren ahaide baita hizkuntza hori.
  • Svanieran halaber, უდილ udil da ahizpa eta დაჩვირ daçwir da arreba.
  • Kabardera da Kaukasoko beste hizkuntza bat, ez aurrekoari lotua, baina hartan ere egiten da bereizketa, partzialki. Arreba edo ahizpa esateko termino bakarra dute, шыпхъу (zirilikoz idatzia) šıpx̆° (trasliterazio fonetikoa). Baina neba / anaia bereizketa egiten dute. Mutilaren anaia da къуэш q̄°aš, eta neskaren neba da дэлъху daɬx°.

Urrutiagoko hizkuntza bat ere aipatzen da harian. Buruxaski hizkuntza Pamir mendialdean hitz egiten da, Pakistango goi-mendietan, eta hizkuntza isolatua da, ahaiderik gabea, euskara bezala. Kasu honetan bereizketa berezi bat egiten dute:

  • Termino bakarra, -c̣o, bi esanahikoa litzateke euskaraz: anaia baten anaia, edo ahizpa litzateke. Hau da, senideak sexu berekoak direnean, hitz bakar hori.
  • Neba edo arreba esateko, aldiz, bi hitz: -ulus neskaren neba, eta -yas mutilaren arreba.

Adimen artifizialeko sistemei kilimak bilatzeko sistemaren inguruan, herenegungo proban lexikoari buruzko galdera zuzena egin genion. Baina akaso planteamendu bihurriagoa egitea izan daiteke gomendagarria, halako zerbait, adibidez, animatzen bazarete: "Josebak bi alaba ditu, Karmele eta Leire. Zer da Leire Josebarentzat?"

Irudia, Ahizpatasuna elkartearen irudia. Marokoko eta Euskal Herriko emakumeen arteko elkartasun sare bat da.

Erantzun

Sartu