Teknologia albisteak

H txapa zabalduko du Zirhika mugimendu berriak Euskaraldian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2025-03-01 : 09:57

Azken urteotan, Euskal Herriko 50 herritik gora dira hitanoa bultzatzeko ekimenak egin dituztenak. Euskal Herriko I. Hika Topaketan 80 hika eragile bildu ziren 2023an; eta zenbait herritan, Badihardugu elkartearen eta Ahotsak ekimenaren eskutik, Appa Hi aplikazioaren bertsioak garatu dira. Saltsa horretatik sortu da ZirHika mugimendua, elkarlanean hitanoaren erabilera sustatzeko, eta laster ikusiko dugu beren ekimenetako bat kalez kale: Euskaraldiaren baitan H txapa banatuko da, daramanari hika egiteko gonbidapen irekia izango dena.

Herriz herri hitanoa bultzatzea du helburu ZirHika mugimenduak; batez ere, noka.

Ekimen bat datorren Euskaraldirako iragarri dute: Euskaraldiaren antolatzaile Taupa mugimenduarekin batera H txapa garatko dute. “Txapan H-a eramateak ‘nirekin hika egin dezakezu’ esan nahiko du eta posible da (nabarmendu dute) hika jakin gabe ere H-a eramatea, norberari behintzat egin diezaiotela. Gutxienez 66 herrik eman dute izena Euskaraldia Hikan (izena emateko epea asteburu amaitzen da eta baliteke herri gehiago ere gehitzea).

Zirhikaren aurkezpena joan den larunbatean izan zen Donostian, eta hizlari izan ziren bertan (beste zenbait lagunen artean) Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariak, Andrea Bella euskaldunberri eta hikazaletu uruguaitarra. Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberria eta, Tauparen izenean, Galtzaundiko Uxoa Elustondo.

Iragarri dituzten beste kontu batzuk: Euskal Herriko II. Hika Topaketa egingo dute azaroan Markina-Xemeinen; eta Euskal Herriko II. Hikadromoa ere egingo dute, lehena abenduan izan zen Durangoko Azokan egin zutelarik, 75 lagun elkartuta.

 

Erantzun

Sartu