Teknologia albisteak

Nostalgia baino gehiago: Son Goku euskaraz hasi zenekoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 11:42

Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko atal haren emanaldiarekin eta bikoizketa bikain haren protagonistekin.

 

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen barruan egingo den Animedon topaketaren barruan (Donostiako 'anime' topaketa) izango da gauza, EITBren babesarekin. 

Ekitaldia urriaren 20an 19:00etan izango da, Donostiako Antzoki Zaharrean. Nonbait gonbidapenak agortu dira, baina ikustekoa izango da. Ylenia Benito kazetariak gidatuko du ikuskizuna eta bertan izango dira Xabier Amuriza bertsolari eta idazlea, telesailaren lehenengo bikoizketa-zuzendaria; Seve Atencia, Goku eta Gohanen ahotsa; Ana Guadalupe Fernández, Bulmaren ahotsa eta kredituen sekuentziako abeslaria; eta Joxe Felipe Auzmendi, kazetaria, ETBko aurkezle historikoa eta Freezerren ahotsa.

Hauez gain, atala emango dute, musika zuzenean egongo da, eta opariak ere banatuko dira.

Zer Non Ikusi zerbitzuaren arabera, AnimeBox plataforman daude ikusgai Dragoi Bolaren 5 denboraldi euskarazko bikoizketarekin.

Euskal Encodings plataformatik ere jaitsi daitezke marrazki bizidunok.

Erantzun

Sartu