Teknologia albisteak

Sei urte bete ditu gaur Mastodon.eus-ek

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-11-21 : 08:26

Mastodon.eus euskal fedibertsoko instantzia agian nagusiak sei urte bete ditu gaur. Urteurrena ospatzeko "Gure aukera, sare libreak" kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Efemeridea une interesgarri batean dator: Elon Musk-ek, X/Twitterren jabeak, Donald Trump-en eskutik eskuratuko duen boterearen itzalak zalantzak sortu ditu Twitterreko erabiltzaile askorengan, eta emigratzea erabakitzen dutenentzat, Mastodon.eus aukera ona izan daiteke.

Hala azaldu du kanpainaren kontua, Mastodon-eus administrazioko kontutik:

Sare libre eta federatuen aldeko konpromisoari esker hazi den komunitatea garenez, mugarri hau ospatzeko, "Gure aukera, sare libreak" kanpaina abiarazi dugu. Helburua sare libreekiko atxikimenduak biltzea eta plataforma zentralizatuen aurrean alternatiba etiko gisa sustatzea da.

Sare sozial honi eusten diote sarean Azkue Fundazioak, Laborategia 2.0 kolektiboak, PuntuEUS Fundazioak, eta Talaios Koop eta  iAmetza enpresek, Dinahosting ostatatze enpresaren laguntzarekin.

Eta eusten diote halaber erabiltzaileek, atxikimendu mezuetan jada irakur daitekenez. Adibide batzuk:

  • “Plaza publiko digitalaren baloreak eta arauak elkarrekin finkatzea ezinbestekoa delako eta euskarak bere plaza publiko propioa behar duelako.” 

  • “Elkarrekin eta maila berean, norbanakoen artean egindako sare soziala. Etekin eta onura guztiak soilik partaideontzat geratzen dira.” 

  • “Erraldoi teknologiko zentralizatuen aurrean, komunitatean oinarritutako gertuko plaza publikoa sortzea delako, komunitateak komunitatearentzat euskaraz sortua.” 

Sustatu ere badago Mastodon.eus-en eta medio honetako editoreak bere atxikimendua ere utzi du, mezu soil batekin, toki horretako arauak aproposak iruditzen zaizkiola, hiru puntutan laburbiltzen diren arauak hain zuzen:

  1. Mastodon.eus euskaraz bizi da. Ahal bezain beste euskara erabili.
  2. Debekatuak daude: faxismoa, arrazakeria, sexismoa, xenofobia, homofobia, transfobia.
  3. Ez inor iraindu edo jazarri.

Erantzun

Sartu