Teknologia albisteak

Geuretik Sortuak bekak, aurtengo edizioa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-11-14 : 11:41

Euskal artisten sormena eta herri kontakizuna uztartu eta euskaraz egindako artearen sormena eta hedapena bultzatzea ditu helburu Udalbiltzak antolatzen duen Geuretik Sortuak bekak. Aurten hirugarren edizioa izango da eta sortzaileek bertan parte hartzeko izen-ematea ireki dute, azaroaren 25era arte.

Sortzaile bakoitzari bi beka emango zaizkio: bata sormenerako, eta bestea hedapenerako. Kultur sorkuntza bezala ulertuko da artistaren imajinaziotik eratorritako obra bat, lau alorretan: antzerki lanak, ipuin-bilduma, komiki-bilduma eta flm laburrak. Sortzaileen xedea euskarazko artelan bat sortzea izango da. Horretarako, sortzaileek esleitutako herrietan (beti ere bizi diren herritik at) egonaldiak egingo dituzte (3 astera bitartekoak, gutxieneko egonaldia 15 egunekoa izango delarik), herritarrekin sormen prozesua partekatzeko eta proiektua landu ahal izateko. Ondoren, hedapen fasean,  proiektuan parte hartuko duten herrietan aurkeztuko dira, herri bakoitzak zirkuitu osoa (sormen lan guztien emanaldiak, aurkezpenak, tailerrak edo antzeko ekimenak) edota erdia (sormen lanetako emanaldi, aurkezpen, tailer edo antzeko ekimen batzuk) hautatzeko aukera izango duelarik.

Bekadunak izango diren proiektuek ondorengo izaera izan beharko dute:

• Ipuin luzea. Lan bakoitzak gutxienez 30.000 karaktereko eta gehienez 40.000 karaktereko luzera eduki beharko du. Aukeratutako ipuin luzeak liburu bakarrean argitaratuko dira. Behin betiko ipuin kopurua, parte hartzen duten herri kopuruaren eta hauen tamainaren araberakoa izango da. Ipuinekin osatutako bilduma Creative Commons lizentziaren baitan argitaratuko da. Bilduma hori, salmentan egoteaz gain, Udalbiltzaren webgunean jarriko da.

• Komikia. Lan bakoitzak gutxienez 15 orrialde eta gehienez 20 orrialde eduki beharko ditu. Aukeratutako komikiak liburu bakarrean argitaratuko dira. Behin betiko komiki lan kopurua parte hartzen duten herri kopuruaren eta hauen tamainaren araberakoa izango da. Komikigile bakoitzak adieraziko du zein lizentziarekin argitaratuko duen bere lana.

• Antzerki obra. Luzera librea izango du. Antzezlan horren aurkezpen zirkuitua areto eta eremu askotatik igaroko da; beraz, ekoizpenaren ikuspuntutik moldagarria izan beharko du. Hautatuetako bat gutxienez kale-antzerkia izango da, eta beste bat (edizio honetako berrikuntza da) antzezlan bekaz sarituetako bat bederen antzerkigile berriei zuzendua izango dela. Antzerkigile berri moduan ulertuko da aurretik antzerkigintzan profesionalki lan egin ez duen pertsona edo konpainia. Behin betiko antzezlan kopurua parte hartzen duten herri kopuruaren eta horien tamainaren araberakoa izango da.

• Film laburra. Lan bakoitzaren iraupena 20 eta 25 minutu artekoa izango da. Behin betiko film kopurua, parte hartzen duten herri kopuruaren eta hauen tamainaren araberakoa izango da. 

Honako hauek baldintzen laburpentxo bat dira. Kontsultatu baldintza osoak hemen eta deialdi ofiziala. Lanak aurkezteko, hemendik.

Erantzun

Sartu