Teknologia albisteak

Rikardo Arregi sariak: 8 finalistak eta ohorezkoa, Ana Galarraga

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-11-06 : 16:18

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietako 2024ko edizioko finalistak jakinarazi dituzte gaur, lau kategoria bakoitzean (Komunikazioa / Kazetaritza). Azaroaren 27an izango da sari banaketa ekitaldia, Andoainen. Bertan Ohorezko Mugarria saria jasoko duena ere jakinarazi dute, Ana Galarraga kazetari eta artista, zientzia dibulgatzaile bikaina. 

Komunikazio alorreko lau finalistak dira:

  • Ikusgela, euskarazko Wikipediaren eta EWKE elkartearen ikus-entzunezko edukien proiektua.
  • Ezer ez eta festa podkasta, Berriak ekoitzia: hizkuntza da gaia, hizkuntzalaritza baino gehiago.
  • Ez Hain Ondo bideopodkasta, emozioen ingurukoa, Gaztea eta EITBren eskutik.
  • Flop Kultura podkasta, Euskalerria Irratiak ekoitzia.

(RAKS sarien oharrean bi podkast eta bideopodkast bat aipatzen dira, baina gauza haiek jada audio / bideo formatu bikoitzean egiten dira eta gauza bera dira, ezta?)

Kazetaritza sariko finalistak dira:

Atal horietako bakoitzean 9.000 euroko saria eta Xabier Laka eskultoreak berariaz egindako oroitikurra emango dituzte. Epaimahaia osatzen dute aurten Miren Berasategi, Eneko Bidegain, Itxaro Borda, Angel Erro, Libe Mimenza eta Pantxika Maitiak, mahaiburu delarik Marta Lasa Goñi, Andoaingo Udaleko Euskararen Normalizaziorako zinegotzi arduraduna. 

Ohorezko Mugarria sariari dagokionez, Ana Galarragak jasoko du. Hala arrazoitu du antolakuntzak ohore hau:

Hiru eremu dira nabarmentzekoak, gutxienez, Ana Galarragaren ekarpenean: lehenik, desinformazioa nonahi dugun garai honetan zientzia-dibulgazioaren garrantzia mahai gainean jartzeko egiten duen ahalegin eta ekoizpen aparta; bigarrenik, iparrorratz darabilen ikuspegi feminista, asko aurreratua dugun arren oraindik ere erresistentziak —erresistentzia eraberrituak— eragiten dituen gaia ere baden garaiotan; eta, hirugarrenik, komunikazio jarduna euskaraz eta zero kilometrotik egitea, gertuko begirada hori geruza globalekin ere osatuta hainbat plataforma, formatu eta esparrutan (prentsa, hitzaldiak, podcasta, plataforma digital komertzial zein libreak, eta beste).

Zientziaren protoi bihurtu du feminismoa eta elektroi euskara. Dena aldatzen eta aldatzeko ari den atomoetako bat da. Erreplikatzeko moduko eredua.

Erantzun

Sartu