Teknologia albisteak

Han Kang korearraren 'Barazkijalea' itzultzeko sariketa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-11-04 : 17:09

Jokin Zaitegi Saria itzulpengintzako urteroko lehiaketa da, eta azken urteetan Literaturako Nobel saridun baten lana aukeratzen da. Kasu honetan, 2024an Suediako Akademiak Han Kang idazle hegokorearrari eman dio Nobel Saria, eta haren lan ezagunena, Barazkijalea eleberria, itzularaztea da sariaren helburua.

Koreerazko lana izanik Barazkijalea, zubi-hizkuntzen bidez itzulpena egin ahal izatea aurrikusten da aurtengo sariketan. Antolatzaileek koreerazko lagina ematen dute, baina Han Kang berak gomendatutako gaztelaniazko eta frantsesezko bertsioak ere eskaintzen dira lagungarri.  Lanak aurkezteko epea 2024ko abenduaren 31ko gauerdian amaituko da, eta lagin itzulia ematearekin zein hizkuntzatatik egin den zehaztu beharko dute aurkezten direnek.

Xabier Etxeberriak, Joannes Jauregik eta Leire Vargasek osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2025eko urtarrila amaitu baino lehen.

Irabazleak 5.000 euroko saria irabaziko du Barazkijalea itzultzeko; diruaren erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Irabazleak jatorrizkotik zuzenean ez baizik zubi-hizkuntzaren bat erabilita lan egingo balu, antolatzaileek koreera eta euskara menderatzen dituen aditu baten laguntza eskainiko diote, eta hark gainbegiratuko du itzulpen osoa.

Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko.

Erantzun

Sartu