Teknologia albisteak

Jokoteknia 2024 Bilbon egingo da azaroaren 9an

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-11-01 : 13:08

Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren zazpigarren edizioa azaroaren 9an (larunbata) egingo da Bilbon, Euskararen Etxean, 09:45etik 13:00etara. Jokoteknia jardunaldietan euskal bideojokogintza industriako aditu eta jokalariak batera jarri ohi dira, momentuko proiektu interesgarriak ezagutzeko, industriaren diagnostiko bat egiteko eta aurrera begirako ildoak zeintzuk diren argitzen saiatzeko. Bide batez, euskarazko ekoizpenaren inguruko gaur egungo diagnosi eta prospektiba bat egiten ere saiatuko dira aurtengo edizioan. 

Jokotenika antolatzen dute elkarlanean Azkue Fundazioak eta euskal gamerren Game Erauntsia komunitateak. Izena emateko, hemendik. Topaketa streaming bidez jarraitu ahal izango da EITBren webgunetik.

Aurtengo jardunaldian askotariko gaiak aztertuko dira; ohi bezala, bideojokoa eta euskara izango ditugu ardatz, Euskal Herrira begira jarrita. Hasteko, Unai Arrugaeta irakasleak bideojokoak mugatzeko eta erabiltzeko aholkuak plazaratuko ditu. Bigarrenik, Ibai Oihanguren informatikari eta bideojokozaleak itzulpengintzari nahiz euskaratutako bideojokoei buruz hitz egingo digu. Hirugarrenik, Maite Martinez Atabey Creations estudioko kideak bideojokoen marketingari lotutako diseinuaren gakoak eskainiko dizkigu. Azkenik, Mikel Antero Keplerians taldeko arte zuzendariak Glitchmare bezalako bideojokoen sormen prozesua aurkeztuko digu.

Jardunaldiari bukaera emateko, mahai ingurua izango da Digipen Europe-Bilbao Institute of Technology-ko, Harrobia Ikastolako eta Tartanga Lan Heziketarako Zentro Integratuko ikasleen parte hartzearekin.

 Egitaraua:

  • 09:45 Aurkezpena
  • 10:00 Bideojokoak.info: Zertan jolasten dira nire seme-alabak? Unai Arrugaeta.
  • 10:30 Euskarazko bideojokoak: itzulpengintza eta bitxikeriak. Ibai Oihanguren.
  • 11:00 Atsedenaldia
  • 11:30 Bideojoko baten marketing kanpaina diseinatzaile grafikoaren begietatik. Maite Martinez.
  • 12:00 Arte zuzendaritzaren eginkizunak Euskal Herriko estudio independente batean. Mikel Antero.
  • 12:30 Mahai ingurua Digipen, Harrobia eta Tartanga ikastetxeetako ikasleekin

Informazio gehiago: Jokoteknia.eus 

Erantzun

Sartu