Teknologia albisteak

Ikusgela 2024-25 ikasturtean: euskal kultura, historia, eta buletin berria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-09-17 : 12:39

Ikusgela proiektuak, hezkuntzarako ikus-entzunezko materiala lantzeko wikiekimenak, hirugarren ikasturteari ekin dio gaur. Orain arte 92 bideo argitaratu baditu ere, ikasturte honetan maiztasuna handituko du, astearte eta ostegunero bideo bat aterako du eta irailetik maiatzera beste 100 bideo argitaratzera helduko da. Euskal kulturako sorta berri batekin hasi da gaur ikasturtea. Zehazki, lehen bideoan euskarazko prentsaren laburpena egingo da 8 minutuko animazio bideo baten bidez. Ondoren etorriko dira, besteak beste, euskal zinema, euskal antzerkigintza, eta Euskal Pizkundea jorratuko dituztenak. Ikasturteak dakarren beste gauza berri bat, Ikusgela buletina.

Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak gidatzen du Ikusgela eta bideoak Wikipedian txertatzen dira, baita YouTuben eta ikusgela.eus webgunean ere. Orain arte, argitaratutako bideoak entziklopedia libreko 408 artikulutan baino gehiagotan txertatu dira. Orain artean Ikusgelak 92 dibulgazio-bideo argitaratu ditu: Filosofia, Ekonomia, Euskal literatura, Ingurumena, Erronka Digitalak, Literatura Unibertsala eta Zortziko txikian sailetan banatuta. 2022an aurkeztu zen ekimena, eta ikasturtean zehar astero 2-3 bideo argitaratzen ditu.

Gaur euskal kulturako kontuekin ekin ondoren (prentsaren bideoa beherago itsatsi dugu), historia lantzen duen bideo-sorta abiatuko da etzi ostegunean, hilak 19. Datorren astean Erronka digitalen sortarekin jarraituko du proiektuak. Iaz hasi zen sorta hori, Leire Palaciosek aurkeztuta, eta Badalab-ekin kolaborazion kudeatuta. Udazkenean filosofiaren gaineko bideoak ere etorriko dira, baita literatura unibertsalari buruzkoak ere. 

Atal berrien artean, Historia ulertzeko gakoak izeneko sorta Danel Pascualek aurkeztuko du, saioa eta bideo bakoitzak 7-10 minutukoa izango delarik. Bideoek jasoko dituzte garai historiko bakoitzeko gako nagusiak, betiere, umorez eta tonu freskoan. Bi astean behin aterako dira lehen sortako seiak. Besteak beste, Neolitoa, Iruñeko Erresuma, euskal baleazaleak eta Berlingo Harresia jorratuko dira. Bideoen gidoiak Mikel Alvarez eta Lander Arretxeak egin dituzte, eta ekoizpenaren atzean Bira ekoiztetxea dago.

Ikasturteak dakarren beste berritasun bat da buletina, Ikusgelako edukiez informatuta egoteko. Urtaro bakoitzean ateratako bideo guztien berri jaso ahal izango da email bidez. Harpidetza hemen

 

Erantzun

Sartu