Teknologia albisteak

Imane Khelif boxeolaria, emakume jazarria, zorte on arratsaldeko borrokan!

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-08-03 : 12:58

Imane Khelif emakumezko boxeolari aljeriarrak gaur larunbatez abuztuak 3, 17.20ak aldera, izango du bere bigarren borroka, Anna Luca Hamori hungariarraren aurka. Olinpiar Jokoetako protagonista bihurtu dute polemikak, baina zera da kontua: ez transgenero, ez intersexual, ez XY kromosomarik, ez testosterona datu altuegirik edo bestelako analisi arrarorik; Imane Khelifek beste kirolarien ziurtagiri berdinak ditu, eta ez dago besterik.

Eguneraketa, abuztuak 10: Khelifek irabazi egin zuen borroka hori Hamoriren kontra, eta baita bi hurrengoak, urrezko domina lortuz emakumezkoen 66 kiloko kategorian bart gauez,

Eguneraketa, abuztuak 11: Khelifen jazarpen bertsua jaso duen Lin Yu-ting emakumezko boxeolari taiwandarrak ere irabazi egin du bere kategoriako lehiaketa, urrezko domina lortuz. Eta Khelifek, bestalde, jazarpenagatiko salaketa jarri du epaitegietan behin lehia amaituta, gure izenburukoa berretsiz, "emakume jazarria" izan delako. 

Zer gertatu da?

Angela Carini italiarrarekin borroka egin zuen boxeoko bere kategorian herenegun, abuztuaren 1ean.Minutua baino gutxiago behar izan zuen Carini garaitzeko, eta orduan piztu zen polemika. Cariniri "gizon batek" irabazi ziolako mezuak zabaldu ziren hedabide eta sare sozialetan, adibidez Antonio Tajani Italiako Atzerri ministroak esan zuen Khelifen "ezaugarriak gizon batenak" zirela.

Tajani ministroak bezala, agertu ziren bat-batean bere kontrako iritzigileak, denak Khelifen kontra. Aljeriar boxeolariaren ustezko maskulinitatea, borrokatzen duenean ez dagoela lehia justurik eta, oro har, kirol olinpikoaren woke jarrerak kritikatu zituzten Carinik galdu eta gutxira hainbat pertsona ezagunek hala nola Elon Musk, Javier Milei eta J. K. Rowlingek; eta Espainian Isabel Diaz Ayusok edo Paloma del Rio kazetariak.

Aurrekariak

Polemikaren eztabaida ez da ustekabekoa edo espontaneoa izan. Carini-Khelif borroka izan aurretik Italian Khelifen kontrako susmoak hauspotu zituzten Matteo Salvini politikari eskuindarrak eta beste batzuek. Salvinik 24 ordu lehenago bota zuen berea, eta kontua aldez aurretik prestatua zegoela gaztelerako hari honek azaltzen du.

Baina aurrekari eta eraso larriena 2023an gertatu zen. IBA (International Boxing Association) federazioaren Mundu Txapelketako finalera iritsi zen. 2022an ere iritsi zen, eta galdu, baina 2023an ez zioten parte hartzen utzi: kaleratu egin zuten, arrazoi medikoak argudiatuta, baina zehaztu barik. Beranduago adierazi zen testosterona gehiegi zuela bere gorputzean eta beste adierazpen nabarmen bar orduan izan zen, IBAko presidente Umar Kremleven arabera, DNA test bat eginda "XY kromosomak zituela" eta ezin zuela emakumeekin batera lehiatu. Telegram kanal batean idatzitako testuan zabaldu zen salaketa hori. Khelifek errekurtsoa sartu zuen arren, IBAk debekatu zion emakumeekin boxeatzea. 

Eta zein da egia?

Ez testosteronaren datua ez kromosomena ez du IBAk harrezkero datuekin baieztatu. Artikulu bat baino gehiago dago hortik hau baieztatzeko, baina bereziki adierazgarria da Irlanda RTE telebista publikoko Prime Time albistegiko ikerketa

Hor irakurri dugu honako hau ere: 2023an bertan, Nazioarteko Batzorde Olinpikok IBA bere antolakuntzatik eta olinpismotik apartatu zuela, ustelkeria kasuak leporatura kirol federakunde horri.

Era berean, IBAk ez du azterketa medikoen daturik eman. Ez dago Khelifen egoera kromosomikoaz, hormonalaz eta beste ezertaz beste daturik, kenduta erakunde olinpikoek boxeoan parte-hartzeko ontzat eman dutela, beste partehartzaile guztiak onartu dituzten modu berean.

Hurrengo borroka

Hurrengo borroka gaur arratsaldean du Khelifek Hamori hungariarraren aurka. Zorte on Imane! Hungariarrari ere opa geniezaiokeen, baina albistea da gaur Hungariako Boxeo Federakundeak protesta azaldu diola antolakuntza olinpikoari. Hala, zoazte Orban eta gainerakoak pikutara.

Irudia, ROSA talde sozialista feministaren Insta kontutik.

Erantzun

Sartu