Teknologia albisteak

USE azterketen harira, aukera publiko eta pribatuak unibersitatera sartzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-06-07 : 08:32

Gaur amaitzen dira Hego Euskal Herrian USE azterketak (Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa, gaztelaniaz EBAU, ohikoan Selektibitatea esaten dena) eta datorren astean jakingo dira emaitzak. Unibertsitatera sartzeko orduan notekin gertatzen diren batzuez datuak publikatu ditu Twitterren kontu itxuraz anonimo batek, baina interesa dutelakoan, hona ekarri ditugu.

Horra harikoak, bilduta:

*****

EAEn, unibertsitatera sartzeko ohiko azterketak (...) ekainaren 7an amaituko dira. Proba honetara 13.433 ikasle daude deituta, eta horietatik %77,21ek euskara hutsean egingo dute.  Baina, aukera berdintasuna bermatuta al dago? 

[Kataluniako] Observatori Universitarik 2023ko ekainean atera zuen txostenak, Batxilergoko eta selektibitateko noten arteko aldeak eta horiek unibertsitatera sartzea nola baldintzatzen duten jasotzen du. Besteak beste, ikastetxe pribatuek abantailarekin jokatzen dutela dio.

EAEn, publikoko ikasleen %14,80a doa USEra, ikastetxeko nota 9tik gora duena, pribatukoak berriz %20,90a. USEko notatan berriz, soilik %4,80a da 9 eta 10 bitarteko nota ateratzen dutenak, ikastetxeko notekin alderatuz, publikoan 3 aldiz gutxiagok eta pribatuan 4,4 aldiz gutxiagok.

Aurreko grafikoak pribatukoen notak gehiago puztuta daudela erakusten badigute ere, gaia gehiago finduko dugu. USEko azken urteetako datuak begiratzen baditugu, fase orokorreko notak publikoko ikasleenak pribatukoenak baino handiagoak izan dira (2017 eta 2020 berdinak), baina ikastetxeetatik ekartzen dituzten nota puztuak direla eta, 2013an izan ezik, USE probako azken nota hobea ateratzen dute. To, meritokrazia!

Notak puztearen adibide garbiena Euskara eta literaturako ikasgaian ikusi dezakegu. Publikoko D ereduko ikasleek ikastetxetik 6,98ko nota eramaten dute eta USEan 7,98 ateratzen dute, puntu bat gehiago! A ereduko pribatukoek berriz  6,76 ikastetxetik eta USEn 5,94, 0,82 gutxiago.

Nola liteke A ereduko ikasleen ikastetxeko nota eta publikoko D ereduko noten artean 0,22ko aldea egotea, eta USEko proban 2,04koa? Nola liteke Opus edo Deutsche Schuleko ikasleek euskaraz “egun on” esaten ere ez dakitenean holakorik gertatzea?? Noiz jarriko dugu euskara balioan?

Halakoak saihesteko,batxilergoko notei dagokienez gardentasun osoa behar dugu:urtero argitaratu beharko lirateke ikastetxeetako notak, bai batxilergokoak, bai USEko fase orokorrekoak, bai fase espezifikokoak, eta notak asko puztu direla atzemanez gero, neurri zuzentzaileak ezarri. Hala ere, neurri eraginkorrena USEko fase orokorreko notari batxilergoko notari baino garrantzi handiagoa ematea izango litzateke, proba hauek anonimoak baitira eta ikasle guztientzat berdinak (bai edukietan, bai zuzenketa irizpideetan), hala, azken emaitzak bidezkoagoak lirateke. Zoritxarrez, eskola publikoak ikasleak dituen bitartean eta pribatuak bezeroak, aipatutako neurriak ez dira hartuko.

Hori bai, institutu publiko batean ikasi duen ikasle batek pribatuan ikasi duenak baino % 63 aukera gehiago ditu unibertsitate publikoko lehen urtean arrakasta izateko [El Pais-eko artikulua, 2022koa], hemen ez baita ezer oparitzen. Esan beharra zegoen!

****

Eta honaino, datu-biltzailearekin komentatu nahi izatekotan, horra bere haria Twitterren.

Erantzun

Sartu