Bilboko kale-izendegian adibide parea agertu dira azken garaian zuzenketa merezi zezaketenak: hala pentsatu du herritar batek, eta artikuluan ondo azaltzen badugu, irakurleok ere ados egon zaitezketela pentsatzen dugu. Zorrotzaurre edo Deustuko Erribera deritzon inguruan hiria formaz berritzen ari da eta han sortu dira bi kale emakumezkoek bete ohi zuten lanbide batzuen omenez. Gaztelaniaz, Avenida de las Cargueras eta Calle de las Galleteras dira. Euskaraz ordea, Galletagin Etorbidea eta Zamaketarikalea jarri diete. Andrazkoen aztarnarik gabe euskarazko izenak. Zuzenketa iradoki zaienean, Udaleko Euskara Zuzendaritzak ezetz esan du, Euskaltzaindiak eman dizkion argudio bitxiekin.
Gaztelaniazko eta euskarazko izenen disonantzia Ana Morales itzultzaileak detektatu zuen bere garaian. @Gailetagilearen_Alaba da Morales bera Mastodonen, hain zuzen ere, ama izan zuelako galletagin Zorrotzaurren zegoen Artiach lantegian. Emakumezko beharginek egiten zuten lan fisiko gehiena han, ofizio feminizatua zen, eta zamaketarien kasuan bezala, egoki eta zuzen dirudi kaleak emakumezko horiei dedikatzea. Gaztelerazko izenek aitortza hori garbi egiten dute: Avenida de las Cargueras eta Calle de las Galleteras.
Baina euskaraz, ez. Errotulazioak eta izendegiek zera diote: Galletagin Etorbidea eta Zamaketarikalea. Okerrari erreparatuta, Ana Moralesek Bilboko Udalera idatzi zuen, proposatuz izen zuzenak izan zitezkeela Andre (edo Emakume) Galletaginen Etorbidea eta berdin Andre (edo Emakume) Zamaketarien Kalea.
Udalean jaso zuten mezua, eta erantzuna ere helarazi Moralesi, zeinak publiko egin duen, arrazoi absurdo bat eman dutelako. Euskarako Zuzendaritzak sinatutako erantzunean diote Euskaltzaindiari galdetu diotela, eta bertatik Onomastika zerbitzuak esan diela onartuak eta argitaratuak dituela Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak (PDFa estekan), eta haietan 3.4.1 puntuak dioela lanbide-izenen kasuan kale izenak genitibo markarik gabe ematekoak direla, eta horregatik dela Calle Tendería deritzona gazteleraz, Dendari kalea euskaraz. Horren argitan, "Bilboko Udalak ez ditu aldatuko Avenida Galleteras / Galletagin Etorbidea eta Calle Cargueras Zamaketarikalea izendapenak", Moralesi erantzun diotenez.
Kontra-erantzuna ere bidali die Moralesek Udalekoei, begi bistakoa baita, genitibo kontuagatik esanahia aldatu dela gazteleraz pentsatzetik euskarara igarotzean eta, are gehiago, emakumezkoak inbisibilizatu direla. Irakurri hemen Moralesen argudioak. Baina detailetxo bat ekarriko dugu hona, berak aipatua eta argigarria dena: Donostian bada Andre Zigarrogileen Plaza, gazteleraz Plaza de las Cigarreras dena. Eta Bilboko izendapenen motibo bertsuagatik, kasu honetan Tabakalera eraikinaren ofizio zaharrean, emakumezkoak zirelako lan fisikoa egiten zutenak, eta haiek omentzen dituelako plazak.
Donostian balio du generoak izendegian (eskerrak!), baina Bilbon itxuraz ez, genitiboa inportanteago.
[Argazkia, Artiacheko andrazko gailetagileak paketeak egiteko makinan. Las Galleteras de Deusto liburutik, PDF-a eskuragarria Bilboko Udalaren webgunean.]
Erantzun
Sartu