Gasteiz Antzokiaren auziari irtenbidea eman dakion, elkarretaratzea deitu dute bihar ostiralerako, maiatzak 14, 12:30etan Plaza Berrian, Gasteizko udaletxearen aurrean. Izan ere, udalbatza ospatuko da bihar 9.00etatik aurrera (streaming bitartez hemen emango dute), eta herritar ekimeneko mozio bat aurkeztuko dute bi taldek (Elkarrekin eta EH Bilduk) Gasteiz Antzokiaren Aldeko Plataformaren izenean. Mozioan eskatzen da, Aleak argitaratu duenez, "Udalak sortu duen arazoa Udalak konpon dezala". Era berean, Gasteizko euskalgintzak agiri baten aldeko sinadura bilketari ekin dio, aldekotasun horiek Gasteizko Udalari aurkezteko. Euskaltzaleek kezkaz bizi dute "azken hilabete hauetan gasteiztarrontzat erreferente izan beharko lukeen Antzokia eta Euskararen Etxea gure bizimoduetatik desagerrarazi izana."
Laburbilduz orain arte gertatutakoa auzi honetan:
Gasteizko euskalgintzak bazuen zentro eragile bat, Oihaneder Etxea, baina 2022an itxi zen, proiektu eraginkorrago bat eratuko zelakoan: Gasteiz Antzokia izan behar dena, izen ofizialez Izaskun Arrue Kulturgunea. 2018ko akordio baten ondoren, Ruiz de Bergara jauregian ezarri behar zen Kulturgunea,
Era berean, Udalak esleitu zion Kulturgunearen kudeaketa Lazarraga Kultur Elkarteari (2012an eratua, hain zuzen, Kafe Antzoki eta Euskararen Etxe indartsu bat bultzatzeko hirian). Laguntza batzuk ere bideratu zituen, eta Kulturgunearen kudeaketara bideratu zituen Lazarragak. Baina, hara, eraikinaren egokitzapenean ez du behar bezainbeste aurrera egin Udalak. Eta jauregi horretan ezer inauguratu ez delarik, Udalak, ordea, eskatu dio diru baten itzulera (112.000 euro) Lazarraga elkarteari, Lazarragak ezin asumitu dezakeena, inbertsioak benetan egin baitira Kulturgunea martxan jartzeko. Euskalgintzaren ahalegin hau guztia zapuztuko lukeen zigorra da, beraz, diruaren auzi hori.
Egoerarekin oso kezkatuta daude Gasteizko euskaltzaleak. Elkarte multzo batek agiri bat kaleratu zuten martxoan (goiko irudia adierazpen horri dagokio), eta jarraian hainbat pertsona ezagunek adierazi zuten kezka bera. Orain, Gasteiz Antzokiaren Aldeko Plataforma eratu da, mozioa eramango dute biharko udalbatzara, eta bestetik herritar orori zabaldu zaio deia, sinadura bilketa honen bidez. Hor eskatzen dutena, jarraian:
Euskarak, azken urteotan, Gasteizen izan duen susperraldia goraipatzekoa izan da. Euskaldunak, egunez egun, gero eta gehiago gara gure hirian, eta, ezagutzatik harago, erabileran emandako aurrerapausoa ere nabarmena izan da, eredugarri izateraino.
Argi dago egoera hau ez litzatekeela posible izango eragileen esfortzu, erakundeen babes eta norbanakoen inplikaziorik gabe. Guztiok bide berean emandako urratsek ahalbidetu dute bilakaera positibo hori, eta hala izaten jarrai dezan desio dugu.
Tamalez, kezkaz bizi dugu azken hilabete hauetan gasteiztarrontzat erreferente izan beharko lukeen Antzokia eta Euskararen Etxea gure bizimoduetatik desagerrarazi izana.
Hamarkada batez, Oihaneder Euskararen Etxea funtsezko gunea izan da euskaraz bizi, ikasi eta gozatu nahi izan dugun euskaltzaleontzat. Horregatik, pozez hartu genuen bere jarduna behin behinekoz eten eta Gasteiz Antzokiaren proiektuak beste dimentsio bat hartu behar zuela jakitea.
2022ko urrian adierazi zuen Gasteizko Udalak, Ruiz de Bergaratarren jauregiko lanak amaitutzat emanda, Izaskun Arrue Kulturgunea abian jartzeko azken pausuak bakarrik eman behar zirela. Urte eta erdi igaro da orduz geroztik, eta Antzokiak ateak noiz irekiko dituen datarik ezagutu gabe jarraitzen dugu oraindik.
Kultur sortzaileek sorgunea behar dugulako, kulturzaleek eskaintza bat behar dugulako, eragileek topaketarako gune bat behar dugulako, herritarrek plaza bat behar dugulako eta euskarak bere tokia behar duelako adierazpen hau sinatzen dugunok Gasteizko Udalari eskatzen diogu Gasteiz Antzokia martxan jartzeko neurriak berehalakoan har ditzala eta lehentasunez joka dezala Gasteizek beharrezko duen proiektua berandu baino lehen abian izateko.
Honekin bat egin eta izenpetu nahi izanez gero, hemen.
Erantzun
Sartu