OpenAI adimen artifizialeko enpresak Sora aurkeztu zuen aurreko astean, testu hutsetik bideo laburrak sortzeko aukera ematen duen tresna. OpenAIk egin dituen gainerako iragarpenekin bezala, erreakzio andana sortu da sarean.
Sora ez dago oraindik erabiltzaileon eskura eta enpresak berak iragarpenean publikatutako bideoak baino ez dira ikusi sarean han eta hemen. Baina adibideak -enpresak dio manipulatu gabeko bideoak direla, benetan emandako prompt edo testu-sarrera horri erantzunez Sorak automatikoki sortu dituenak- benetan dira harrigarriak.
Hona hemen bideo pare bat, sortzeko erabilitako sarrerako testua geuk halamoduz itzulita (X sare sozialean egindako iragarpenean ikusi daitezke gehiago):
Tokioko hiri eder eta elurtua, zalapartatsua. Kamera hiriko kale zalapartatsuetan zehar mugitzen da, hainbat jende jarraituz. Elurtutako eguraldi ederraz gozatuz eta inguruko postuetan erosketak eginez doaz. Gereziondo petalo ederrak hegan doaz elur malutekin batera.
Emakume dotore bat Tokioko kale batean barrena doa, kalea neoi distiratsu beroz beterik dago. Larruzko jaka beltz bat, soineko gorri luze bat eta bota beltz batzuk daramatza, eta poltsa beltz bat. Eguzkitako betaurrekoak eta ezpain gorriak. Konfiantzaz ibiltzen da. Kalea hezea eta islaz betea da, argi koloretsuen ispilu-efektua eragiten du. Oinezko asko dabil.
Testu hutsetik bideoak sortzeaz gain, irudi bat hartu eta mugimenduan jartzeko aukera ere ematen du Sorak, edo bideo labur bat hartu eta estilo berdineko luzeago bat sortzekoa.
OpenAIko zuzendari Sam Altmanek garrantzia eman dio iragarpenari, aurkezpen unea gogoangarri bezala seinaltuz txio batean. Eta, ondoren, jendeak bidalitako testuekin sortutako beste bideo mordoxka bat publikatu ditu, momentuan sortutako bideoak direla erakutsiz. Bideo laburrak, baina harrigarriak hauek ere. Tximino bat parkean xakean jolasten (xake taula okerra dauka), itsaso gaineko bizikleta lasterketa bat animali desberdinekin eta dron bidez grabatuta eta beste mordoxka bat saltseatu nahi duenarentzat.
Esan bezala, tresna ez dago irekita. Gertuko jendeak, aditu talde batek eta erabiltzaile gutxi batzuk baino ez dute bideoak sortzeko baimena. Baina erreakzio andana sortu da dagoeneko.
Beldurtu ere egin da bat baino gehiago, bideo faltsuak erraz eta horrelako kalitatez sortzen badira bistakoak baitira arriskuak: deepfake bideoak (esisitzen ez diren pertsonenak), benetako pertsonen bideo faltsuak, fake news edo albiste okerrak, pornoa... Microsofteko buru Brad Smithek ere (OpenAIren inbertsore nagusietakoa da Microsoft) modu integralean erantzuteko deia egin du artikulu batean, enpresen egitekoak, arkitektura beharrak, lege berrituak, gobernuen ardurak, hezkuntza beharrak eta gainerakoak zaku berean sartuta. Erraza izango da.
Erantzun
Sartu