Teknologia albisteak

Lehen hitza euskaraz: hori ere ezin du arautu udal batek, epaileen arabera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-10-18 : 13:08

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzo jakinarazi zien epai batekin baliogabetu egin dituela Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren hainbat artikulu, Vox alderdiak aurkeztutako salaketa baten ondoren. EAEko Udal Legea euskararen alorrean garatzeko dekretua zen auzitan zegoena. Legez kanpokoa izendatu duten guztiaren errepasoa jarraian. Esate baterako, udal erakunde batek telefonoz edo beste bide batzuetatik (Internetez adibidez) lehen hitza euskaraz zuzenduko duela arautzea legez kanpokoa da. Euskal epaileen aburuz, adi, EAEkoa baita auzitegi hori. 

Lehen hitza euskaraz emateko araua legez kanpokoa dela, hori da, benetan, baliogabetutako puntuetako bat, legearen 27. artikuluko a) eta e) epigrafeetan:

a) Euskadiko toki-entitateetako eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetako langileek euskaraz esango diete lehenengo hitza herritarrei; gero, herritarrak aukeratutako hizkuntzan jarraituko dute.

e) Hartzaile zehatzik gabeko mezuak zabaltzen direnean gailu automatikoen bidez, edo telefonozko informazio-zerbitzuen, bozgorailuen edo antzeko bitartekoen bidez, lehenik euskaraz emango dira.

Auzitegiak legez kanpoko jotako beste puntuak jarraian.

9. artikulua, 2. atala.

Hizkuntza-plangintzaren helburua izango da udal-jarduketak euskaraz egin ahal izatea. Horretarako, neurriak hartuko dira udalek euskaraz funtziona dezaten; bereziki, euskararen arnasguneetan.

Auzitegiaren araberako, goiko honek euskara lehenesten duelarik, gaztelaniaren kontrako desoreka ez justifikatua suposatzen du, Konstituzioaren 3.1 artikulua urratuz.  

11. artikuluan egiten diren "zehaztapenak eta tresnak" atala ere baliogabetu du epaiak. Hauxe da hor sartzen dena:

1.– Hizkuntza-arloko udal-eskumen propioa oinarri hartuta, udalek, dekretu honen esparruan eta bakoitzaren egoera soziolinguistikoaren arabera, honako alderdi hauek aztertuko dituzte, besteak beste:

a) Udal-gobernuaren organoen barne-funtzionamenduan, hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak. 

b) Udal-zerbitzuen barne-funtzionamenduan, hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak. 

c) Herritarrekiko eta beste erakunde batzuekiko ahozko eta idatzizko harremanetan euskarak zer leku behar duen. 

d) Dokumentu estandarizatuen hizkuntza-formatua.

e) Ekitaldi publikoetan euskarak zer leku behar duen. 

f) Hizkuntzak nola erabiliko diren beste administrazio batzuekiko harremanetan. 

g) Argitalpenetan euskarak zer leku behar duen. 

h) Euskara, hizkuntza-paisaian eta errotuluetan. 

i) Itzulpenak eta interpretazioak egiteko irizpideak. 

j) Sustapen-lanean erabili beharreko hizkuntza-irizpideak, dirulaguntzen xede diren jardueren helburuak eta ezaugarriak kontuan hartuta. 

k) Administrazio-kontratazioan erabili behar diren hizkuntza-irizpideak. 

l) Iragarkietan, publizitatean eta publizitate-kanpainetan bete behar diren hizkuntza-irizpideak.

12. artikulua ere legez kanpokoa: Hizkuntza ofizialen erabileraren arauketa eta plangintzari dagokion testu hau:

Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek, beren egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, tokiko jardueretan euskara zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza gisa orokorrean eta normaltasunez erabiltzeko modua antolatu eta arautuko dute, jarraian ageri diren artikuluetan jasotako irizpideekin bat etorrita.

18. artikuluaren hasiera baliogabetzen da. Zehazki toki-entitate bateko kuderen batek "alegatzearena" berak euskara ez duela ulertzen eta eman diezaiotela informazioa gazteleraz. Hau da, legeak ez dio inori ukatzen gaztelerazko informaziorik, baina pertsona batek "alegatu" behar izatea ez duela euskara ulertzen, ba hori gaizki, eta diskriminatzailea. Irizpide bihurri hau oldarraldiko aurreko epairen batean ere agertu da. 

1.– Toki-entitateetako organoen deialdiak, gai-zerrendak, mozioak, boto partikularrak, erabaki-proposamenak, informazio-batzordeen irizpenak, akordioak, aktak eta gainerako udal-dokumentuak euskaraz idatzi ahal izango dira, toki-entitate bakoitzak onartu duen araudian ezarritakoarekin bat etorrita. Dokumentuak euskaraz edo gaztelaniaz idazteak toki-entitateko kideren baten eskubideak kaltetzen baditu eta kide horrek legez eta era baliodunean alegatu badezake ez duela ulertzen dokumentuen hizkuntza, beste hizkuntza ofizialean itzulita emango zaizkio.

24. artikuluan, hauxe geratu da legez kanpo, 3. puntua:

 
3.  Toki-entitate bakoitzak edo Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duen beste edozein entitatek, bere lurralde-eremuaren ezaugarri soziolinguistikoak kontuan hartuta, hizkuntzen erabilera zehaztuko du ofizioz hasten diren administrazio-prozeduretarako. Euskara erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izan ahalko da ofizioz hasten diren administrazio-prozeduren izapideetan.

27. artikulukoak aipatu ditugu gorago, lehen hitza euskaraz egitearen kontrakoa izan da epaia.

36. artikuluan, 7. puntua legez kanpokoa omen. Horrela dio:

7.– Kontratua betearazteko baldintzetan, entitate kontratatzailearen eta esleipendunaren arteko harremanei buruzko erregulazioa sartu ahal izango da.

Hor ez dugu ulertu zer zegoen gaizki... baina testuaren gaztelerazko bertsioan dago gakoa, nolabait EHAA buletineko euskarazko bertsioan ez zegoena:

7.– En las condiciones de ejecución del contrato se podrá incluir la regulación relativa a la lengua que se empleará en las relaciones entre la entidad contratante y la persona adjudicataria.

Hau da, puntu horretan ezin omen da zehaztu kontratu publiko batean kontratatzailearekin lan eta harreman hizkuntza euskara izango denik. Kontratuaren esku dago zein hizkuntzarekin jardutea erabakitzea, ez udal kontratatzailearen esku.

36. artikuluan halaber, 8.b puntua eta 10.a ere okerrak dira. Hemen dituzue hurrenez hurren:

b) Zerbitzua ematen duenean, esleipenduna saiatuko da herritarrekiko ahozko harremanak euskaraz izaten. Horretarako, enpresa esleipenduneko langileak euskaraz ekingo dio elkarrizketari, eta, ondoren, erabiltzaileak aukeratutako hizkuntzan jarraituko du. Zerbitzuaren erabiltzaileak zer hizkuntza aukeratu duen, hizkuntza horretan idatziko ditu enpresa esleipendunak zerbitzua emateko behar diren ziurtagiriak, txartelak, oharrak eta beste idazki batzuk.

10.– Euskadiko toki-entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek erabaki ahalko dute hirugarrenei eskatzen dizkieten azterlanak, proiektuak eta antzeko lanak euskaraz, behintzat, idatzita egotea, salbu eta, xedea dela eta, nahitaez gaztelaniaz idatzi behar direnean. Eskakizun hori jasota egon beharko da onartzen diren administrazio-kontratuen baldintza-agirietan.

 
 

Erantzun

Sartu