Hil edo biziko diren euskararen aldeko politika publikoak eskatzeko, apirilaren 22an, larunbatarekin, manifestaziora deitu du euskalgintzako hainbat eragilek Baionan (suprefetura aurrean 17.00etan), Euskal Konfederazioaren deiarekin bat eginez. Brebeta eta baxoa euskaraz egin ahal izateko erreibindikaziotik abiatuta, beste hainbat alorretara zabaldu da deia. Ipar Euskal Herriko bost hedabidek, adibidez, agiria kaleratu dute euren erreibindikazioekin. Eta Kontseiluak ere bat egin du deiarekin, "euskarak dituen trabak" salatzeko, "hizkuntza-politika eraginkor bat" aldarriikatzeko, eta "herri mugimenduetako eragileei baliabideak emateko" eskatzeko.
«Azterketak euskaraz!» eta «Euskarari trabarik ez!» lelopean egingo den mobilizazioak euskalgintzaren alor guztiek bizi duten egoera kaxkarra salatzea bilatuko du. Brebeta euskaraz egitea ikasle, guraso eta langileen mobilizazioari esker lortu bada ere, oraindik ez da lortu Baxoko azterketak euskaraz egin ahal izatea.
Kontseiluak adierazi duenez, "azken urteetan irakaskuntza elebidunaren aurkako erasoak etengabeak izan dira, eta hizkuntza-politika publikoak geldirik daude. Horren adibide da Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontua bikoizteko beharrari ez erantzun izana, hura adostu eta zazpi urtera. (...) Hau guztia gutxi balitz, azken Inkesta Soziolinguistikoko emaitzek agerian utzi dute euskara oso kinka larrian dela Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Hau da, hil edo bizikoa dela euskararen aldeko politika publiko sendoak indarrean jartzea."
Deialdiarekin bat eginez, Euskal Hedabideak elkartea osatzen duten Kazeta.eus, Kanaldude, Euskal Irratiak, Ipar Euskal Herriko Hitza eta Herria astekariak agiria kaleratu dute. Hedabideek salatzen dutenez, "gaur egun lan egiteko ditugun ahalek ez digute garapenerako aukerarik ematen, ezin dugu eduki berririk sortu, ezin dugu euskaldun orok merezi duen eskaintza kualitatibo eta aberats bat bermatu. (...) Ondorioz eskatzen dugu instituzioei, eta batez ere hizkuntza politikaren ardura dutenei, salbuespeneko laguntzetatik haratago, gure hedabideak iraunkorki finantzatu ditzaten, edo laguntza zuzena eskainiz edo publizitate erosketa bidez."
Erantzun
Sartu