Puntueus-en Labur.eus laburtzailea erabiliz hiru helbide praktiko laburtu ditugu Googlek gutaz dakiena erakusteko eta, nahi baduzue, datu-bilketa hori aldatu edo kontrolatzeko. https://labur.eus/gutaz1 / https://labur.eus/gutaz2 / https://labur.eus/gutaz3
Ez da gure aztarna Interneten jarraitzen duen zerbitzu bakarra Google, eta susmoa dago gauza batzuen jarraipena ez egiteko esan arren, egin egiten dutela neurri batean; baina kontrolak eta aukerak euskaraz eta gardentasunez erakusten dituzte, eta bada zerbait.
Batetik, https://labur.eus/gutaz1: kasu honetan Googlek gure profil publizitarioa eraikitzeko modua ikusten dugu hor. Gure profila zein den berarentzat. Sustatuko editorearen kasuan, asmatu dio adina eta bizitzako kontu batzuk (familiaren osaketa), baina beste batzuetan ez dabil oso fin. Sustatu egiten dugun CodeSyntax-eko lankideek ikusi duten beren profiletan ez dakizkietan hizkuntzen ezagutza egozten zaigula, eta emakumezko informatikari pare baten kasuan, sexua gizonezkoa jarrita dutela ikusi dugu, jardueren analisian estereotipo sexistak darabiltzalako Googlek.
Delako alor honetako informazioa osatzerik ere badugu. Hau da, guk eman datu zehatzagoak Googleri eta gure interes komertzialak ere adierazi ditzakegu, baldin eta publizitate zehatzagoa jasotzeko gogoa dugun.
https://labur.eus/gutaz2 helbidean gure historiala gordetzen da. Hau da, Google erabiltzean zer bilaketa egiten ditugun, Youtubeko erabilpena (aparteko datu-bilduma gisa) eta gure kokapenaren jarraipena. Kokapena, hain zuzen, askok telefonoa Android izanik lotua dugulako Googlerekin, eta bilaketak eta webgune-biritsak ere, ez dira bakarrik ordenagailukoak, mugikorrekoak ere. Sustatuko editorearen kasuan, datu-bilketa Youtuberen kasuan dut aktibatua (ez zait asko inporta), baina besteak moztuta ditut. Atal honetako parametroak mozteko edo doitzeko, goiko lotura horretan bada aukera bat, "jarduerak kontrolatzeko aukerak", ikusi.
Gutaz2 laburduratik urrats bat haratago, kokapenaren kontrolak daude. https://labur.eus/gutaz3 helbidea sortu dugu horra iristeko. Hor ikusiko duzu, ea aktibatuta dituzun ala ez, eta, zehatzago "Kudeatu historia" izeneko lotura ikusiko duzu: hor sartu eta mapa ikusten da. Mapa hutsa badago, Googlek ez omen zaitu jarraitzen. Editore honen kasua horrela da, mapa hutsa.
Baina beste batzuei... hau ager daiteke. Urte batzuetan Europan ibili bazara, non eta noiz, zehatz samar:
Halakorik ez agertzeko zure arrastoan... desaktibatu!
Erantzun
Sartu