Youtube Kids da Youtuberen garapen gehigarri bat haurrentzako edukiak bakarrik emango dituen konfigurazio bat sortzeko etxeko txikientzat. Euskal Encodings-ek ikerketa eta dokumentazio lan ikaragarria egin du horren inguruan: nola konfiguratu haur baten kontua, euskara hutsezko edukiekin hornitzeko. Bideotutorial bikain batean azaldu dute.
Bideotutorialean ederki azaltzen da urratsez urrats, baina aukera nagusiak hemen laburbilduko ditugu.
Batetik, Youtube Kidsen egin beharrekoa: Gmail/Google kontu batekin sortu behar du kontua Youtube Kids-en tutore nagusi edo guraso batek. Haur baten profila sortu behar du bertan, proposatzen diren adin tarteen artean, eta gero profil horrentzako lehen eduki balekoa gehitu behar du. Urrats horretan, ez dago modurik "gehitu euskarazko edukia" aukeratzeko, ezta zuk ezagutzen duzun euskarazko kanal bateko edukia ere; adibidez, Euskal Encodings kanala ezin daiteke gehitu une horretan ze ez ditu Kids-eko baldintza zehatzak betetzen. Bai betetzen ditu, ordea, Ene Kantak kanalak, eta tutorialak gomendatzen du hori gehitzeko. Lasai, gero gehitu ahal izango duzu Encodings-eko edukia, sareratu dituzten Heidiren edo Lazkao Txikiren euskarazko atal guztiak...
Bigarren urratsa; Youtuben bertan, berriz ere aurretik pertsona nagusiak erabili duen Gmail/Google kontu berbera erabiliz. Kasu horretan, nagusi-tutoreak nabigatu dezake eduki desberdinen artean, eta kanalak gehitu, edo banakako bideoak. Orain bai, Euskal Encodings kanala, Hiru Kluba delakoa, Pottokiak Euskaraz bideo sorta, edo bestela, banan banako bideoak ere gehitzen ahal dituzu. Aukeratu kanal edo bideo zehatza, partekatzeko aukera aurkitu, "Haurrekin" aukera berri bat agertuko da, eta han, Youtube Kids-en bidez sortu dugun txikitxoaren profila agertuko da. Baietz eman, eta aurrera. Partekatzeko aukera horiek kanal edo bideoetara murrizten dira, tamalez ez dirudi posible denik kanal bateko zerrenda zehatzak aukeratu.
Haurrak edukiok ikusteko, Youtube Kids ireki beza gurasoak berriro, eta han jada ikono batekin haurraren profila sortua egongo da. Bertan sakatu, pasatu hori haurrari, eta han jada interfaze sinple-sinple batean guraso/tutoreak aukeratutako edukiak ikusi ahal izango ditu, ez bilaketa aukerarekin, baina bai interfaze sinple batekin.
Goiko urrats horiek Android mugikorretako Youtube eta Youtube Kids aplikazioak erabiliz egin dituzte Euskal Encodings-ekoek. Lehen parteko urratsa, Kids kontua sortzearena, badirudi web bidez ere egin daitekeela nabigatzailean; baina ez dugu lortu bigarren partea, Youtubeko bideoak Kids kontura bidaltzearena, web bidezko interfazetik, bai ordea mugikorreko aplikazioarekin.
Kids zein Youtube nagusia, bestalde, web bidez zein aplikazioetan (tutorialean ikus dezakezue, edo esteka honetan), euskaratuta ia osorik.
Erantzun
Sartu