Teknologia albisteak

EITBren Primeran streaming plataforma 2023ko uztailean hasiko da probetan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-10-30 : 08:33

EITB 2030 Estrategia delako txosten estrategikoaren berri (hemen euskarazko PDF bertsioa) ematen ari da Andoni Aldekoa EITBko zuzendaria egunetan zenbait forotan. EITBren Administrazio Kontseiluan egindako agerpenaz berri eman zuen Berriak hemen, eta beste agerpen batem berri dakargu hemen, aste honetan EAEko Euskararen Aholku Batzordearen aurrean emandakoa Gasteizen. Bertakoa da irudia eta hona dakarguna: 2023ko udan probetan hasiko den Primeran streaming plataforma berria.

Aldekoak esan zuenez, Primeran-en edukien %75 euskarazkoak izango dira. Ikusteko materialaz gain, audioa ere integratuta izango du, eta alde horretatik podkastetan are eduki gehiago euskaraz, %80a helburu. Podkasten atal edo plataforma paraleloaz gain, Ikusi Makusi izeneko bertsio paralelo bat ere izango du Primeranek: eduki filtratuak, haurrentzako aproposak, eta euskaraz osoki kasu honetan.

Primeran 2023ko uztailean hasiko da aprobetan, 2.000 orduko eduki multzo batekin. Edukiak euskaraz plataformarako edukitzea neurri handi batean eskubide kontua dela esan zuen Aldekoak. Hemendik aurrerako zinema-ekoizpeneko finantziazio eskemetan inportantea izango da, baldin eta euskal produktu bat nagusiki streaming plataforma batek babesten badu (hala nola gertatu zen, adibidez, Erremintari edo Handia euskarazko filmekin Netflix-en aldetik), hizkuntza-banaketako eskubideetan salbuespen edo baldintza jartzea, euskarazko emanaldietarako eskubideak Primeran-en (edo Primeranen ere) egongo direla ziurtatzea. Era honetako lehen akordioak gertatzen ari direla esan zuen Aldekoak.

Beste akordio bati esker, Eskandinaviako Viaplay eduki sarearekin lortua, herrialde haietako 300 ordu urtean integratuko dira Primeranen, bertako hizkuntzetakoak audioz, baina azpidatziak euskaraz izango direlarik.

Bestalde, Primeran garatzen, 2023an, EITBk 3.5 milioi euro inbertituko dituela argitaratu du Berriak. Andoni Aldekoak EABren aurrean esan zuenez, inbertsioetarako gaitasun areagotua izango du EITBk datozen urteetan, Jaurlaritzarekin duen hitzarmen markoak inbertsio kopurua 52 milioi eurokoa aurreikusi baita hurrengo 5 urteetarako.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu