Teknologia albisteak

EAEko I+G eta berrikuntzako datuen web interaktiboa argitaratu du Innobasquek

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-07-26 : 13:47

Innobasquek tresna berria argitaratu du bere webgunean: Euskal Autonomia Erkidegoko I+G eta berrikuntza alorreko datuak kontsultatzeko aukera ematen du aurkeztu berri duen baliabide berriari esker.

Mikrosite berria da Innobasquek argitaratu duena, bere webgune nagusiaren azpian kokatutako erreminta interaktiboa. Tresna interaktibo berriak aukera emango digu Euskadiko I+G eta berrikuntza datu garrantzitsuenak ezagutzeko, bai maila globalean, bai lurraldeka eta sektoreka, eta Espainiako eta Europako datuekin alderatzeko.

Kontsultatu eta alderatu daitezkeen datuak 2008tik honakoak dira, mundu mailako finantza-krisia gertatu zenetik honakoak. Hemendik aurrera ere, datuak eguneratzeko asmoa adierazi du Innobasquek.

Datutegi eta erreminta honek sei atal nagusi ditu: Inbertsioa, Nazioartekotzea, Pertsonak, Enpresak, Emaitzak eta Euskadi EBean.

Inbertsioaren atalean eskualde edo herrialde ezberdinen artean I+G arloko inbertsioaren alderaketa egiteko, Barne Produktu Gordina (BPG) hartzen da kontuan. Banaketa horri esker, lurralde batek bere ekonomiari dagokionez egindako ahalegina ezagutzea ahalbidetzen du.

Nazioartekotzean, berriz, Ikerketa eta berrikuntzako Europar Esparru Programa da Europar Batasuneko ikerketa-, teknologia-garapen- eta berrikuntza-jarduerak finantzatzeko tresna nagusia. Innobasquek, Europako I+G+b proiektuetan euskal parte hartzea aztertzeko behatokiaren bitartez, Euskadik programa horietan duen parte-hartzea monitorizatzen du: Horizonte 2020, 2014-2020 aldia hartzen duena, eta Horizonte Europa, 2021-2027 aldia hartzen duena.

Bestalde, biztanleria aktiboaren gaineko I+G arloko langile kopuruak lan-merkatuan I+G jarduerak garatzen dituzten langileen kontzentrazioa neurtzen du hirugarren atalak, Pertsonak delakoak. Eta Enpresak atalean ikusi dezakezu, besteak beste, zeintzuk diren Euskadin I+Gn gehien inbertitzen duten enpresa-sektoreak edo Euskadin gauzatutako I+G guztiaren zenbat dagokion sektore edo zerbitzu bati.

Argitalpen zientifikoen atala pixkat ezberdina da. Indexatutako argitalpen zientifikoen kopurua da jarduera zientifikoaren emaitzak neurtzeko eta nazioartean ezagutza sortzeko egindako ekarpena aztertzeko erabiltzen den adierazleetako bat. Lurralde bateko bikaintasun zientifikoaren maila bere argitalpenek jasotzen duten aipamen kopuruaren bidez neurtzen da, zenbat eta aipamen gehiago, orduan eta kalitate handiagoa izango duela onartzen baita. Datu horien laburpena ikusi eta alderatu daiteke atal honetan.

Bukatzeko, azkenengo azpiatalean EAEko datuak Europar Batasuneko datuekin alderatu daitezke. Europako Batzordeak aldizka neurtzen du europako eskualdeek berrikuntzaren arloan duten errendimendua, Regional Innovation Scoreboard (RIS) adierazle sintetikoaren bidez. RISak lau kategoriatan sailkatzen ditu eskualdeak: liderrak berrikuntzan, berrikuntza-maila handia, berrikuntza-maila ertaina eta berrikuntza-maila apala. Adierazle horren inguruko datuak ikusi ditzakegu azpiatal horretan.

 

Erantzun

Sartu