Teknologia albisteak

Ez galdu Motion, Guggenheimeko autoen erakusketa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-07-18 : 11:03

Aurtengo udan egin daitekeen museo-bisita interesgarrienetako bat Euskal Herrian, gure museo ezagunenekoa: Bilboko Guggengeheimen dagoen Motion automobilgintza erakusketa ikusgarria irailaren 18a arte dago irekita. Artea maite dutenentzat, eta beste askorentzako aproposa.

Motionek Norman Fosterren egiletza izena darama. Bilboko metroko estazioak diseinatu zituen arkitektoak, milioiak izateaz gain, auto klasikoen bilduma pribatu handi bat jabe da, eta horietako batzuk erakusten ditu Bilbon. Hala ere, auto guztiak ez dira Fosterrenak, museo eta bilduma pribatu nabarmen batzuetako pieza bakanak ere gehitu dira. Autos art architecture leloa du erakusketak, 20. mendeko arte mugimenduen elementuekin lotzen baita autoen diseinua erakusketan, ibilgailuez gain beste artelan batzuk ere agertzen baitira erakusketan.

19. mende amaierako Daimler zahar batekin hasten da erakusketa, eta antigoaleko modeloetatik, lehen lasterketa modeloetara igaro gaitezke, Bugatti mitikoren bat tarteko. 20. mendeko modelo komertzial ikoniko inportante batzuek badute tokia, Ford T klasiko batetik hasita, Europako ikurretara, argazki honetan bezala: Renault 4, Volkswagen kakalardoa, 2CV polit bat... 

Horien ondoan, beharbada arreta gehiago erakarriko dute luxuzko auto bakanek, hala nola Sean Conneryk James Bond zela erbilitako Aston Martina edo Cadillac Eldorado Biarritz kabriolet gorri izugarri bat, marrazo-hegats automobilistikoen garaikoa:

Eldorado Biarritz ekoizpen luzeko modeloa izan zen, baina erakusketako beste auto batzuk prototipo bakan edo ia bakanak dira. Delahaye Type 165 gorri bat dago (munduan bi daude) erakusketan eta artelan hutsa da:

Espainian egindako Pegazo z-102 hori bat ere bada. Ehun bat auto ekoitzi ziren modelo honenak, baina hori hau berezia da, Rafael Trujillo diktadore dominikarrarena izan zen.

Firebird I prototipoa izan zen gas-propultsioz egindako lehen autoa.

 

Autoen artean dago Bugatti Tipo 57 Coupé Atlantic gris bat, egin zirenen lauzpabost aleen aretean geratzen den bakarretakoa, eta agian munduan saldu den auto garestiena izan dena (30 milioi dolar esaten denez).

Eta beste adibide bat, ixteko, Alfa Romeo BAT 7, ezen ez zazpiak bat, aerodinamikaren eta diseinuaren adibide bikain bat.

Bisitatatu Motion Bilbon, irailaren 18a bitartean.

Erantzun

Sartu