Teknologia albisteak

Euskararen Marka: lotura eskasa teknologia digitalekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-06-08 : 10:06

Euskararen Marka izeneko proiektuaren lehen datu multzoa aurkeztu zuen atzo EHUko NIK ikerketa taldeak, hainbat eragilerekin bildu eta proiektuan sakondu aurretik (datu eta ideia gehigarriak bilduz, euskalgintzako hainbat lagunek Bilbon egin zuten ekitaldi batean). Euskararen Marka ez da euskara sustatzeko "kanpaina" berri baten diseinua, baizik eta markagintza eta marketinaren teknikekin, euskara marka bat bailitzan tratatuz gero, ze balio, pertzepzio eta jarrerarekin lotzen dugun erabiltzaile edo kontsumitzaileok. Lan sakona da, baina alderdi teknologiko pare bati begiratu diogu, pozerako motibo gutxirekin: euskara marka gisa ez da larregi lotzen teknologia digitalekin, tamalez.

Ia 1.200 inkestatan eta zortzi focus talderan jasotako datuak aurkeztu zituzten NIK-eko ikertzaileek, Estitxu Garai proiektuko zuzendariak, eta berarekin batera Angeriñe Elorriaga, Irene Garcia Ureta, Ainara Miguel, Sergio Monge eta Irati Agirreazkuenaga ikerlariek. Txostena bidali digu ikertzaile taldeak, eta alderdi teknologikoetan zentratu gara.

Hizkuntzarekin lotzen diren egoerak eta gaiak aztertu dituzte ikertzaileek, eta bi grafikotan ekarri dugu. Marka bat ezagutzea eta egoera ezberdinetan gogora etortzea oinarrizko urratsa baita markaren nabaritasuna aztertzeko garaian. Hizkuntzara ekarrita, hizkuntza bat edo bestea erabiltzeko, beste faktore batzuekin batera, egoera eta gai ezberdinek sortzen dizkiguten asoziazioak inportanteak dira.

Hortaz, ikusi zein eremurekin lotzen dugun euskara, oro har goiko lerrroetan, eta azpi-eremuetan xehatuta azpian.

 

Etxea bazen aspaldi (etxeko hizkuntza intimoa) euskara, oraindik bada, baina eskola gainetik dago. Esparru formal zenbait agertzen dira geroago, baina hedabideekin eta sare digitalekin eta zinema-literaturarekin zein gutxi lotzen den tristea da.  

Beheko grafikoa, eremua barik, gai orokorrak ukitzen ditu. Zein gairekin lotzen den marka bat, kasu honetan hizkuntza, euskara.

Oinarrizko gaiekin, eguneroko eta pertsonalekin, euskara asoziatzeko joera handiagoa den gai espezializatuekin baino. Maila pertsonalarekin euskara lotzean, kalterik ez, baina berrikuntzarekin lotuta irudika ditzakegun gaiekin, lotura gutxiago. "Jaitsiera nabarmenena ekonomiako eta zientzia zein teknologiako gaietan jazotzen da; soilik euskaraz egiten dutenak %4,0 eta %3,8 izanik batean eta bestean", azpimarratzen du txostenak.

Teknologia kontuetan zentratuko garelarik, beste kronika parea ere irakur dezakezue, beste irakurketa optimistago batzuk ere badaudelako (euskarak oro har aldekotasun orokorrak jasotzen ditu, eta gorroto-jarrera oso gutxi). Irakur kronikak Berrian eta Enpresabidean.

Erantzun

Sartu