Privacy.eus duela hilabete gutxi dago martxan, iazko abendutik zehazki. Xabier Durruti informatikariak sortu du eta pribatutasun teknologikoak duen inportantzia nabarmentzea du helburu webguneak, informazio praktikoa eskainiz. Gaztelaniaz, ingelesez eta euskaraz dago webgunea, baina nabigatzailea zuzen euskaraz konfiguratuta baduzu, lehen hitza euskaraz emango dizu Privacy.eus-ek bisitatzen duzunean,
Honela aurkezten du bere egitekoa webguneak:
Gaur egun, pribatutasuna funtsezkoa da, pertsona gehienek garrantzia kentzen diote horri. Gure pribatutasuna edozein lekutan egon daiteke, telefono mugikorra, tableta edo ordenagailua pizten dugunetik argazki bat atera arte, baita Interneten nabigatzen dugunean ere. Gure datuak garrantzitsuak dira, hortaz, gure pribatutasuna garrantzitsua da.
Zerbitzu gisa ere ikusten du Privacy bere bultzatzaileak, eta tresna seguruei buruzko hitzaldiak prest emateko dago, kontaktuan jar zaitezkete Durrutirekin webgunearen bidez. Esate baterako, "ProtonMail eta ProtonVPN eskaintzen dituzten tresnen erabilera erakusten dira, baita norberaren pribatutasuna babesteko aholkuak ere, maila pertsonalean, zein enpresa-mailan, pribatutasuna bermatzeko".
Privacy.eus erabiliz gero, nola ez, zure pribatutasuna ziurtatua dago. "Privacy.eus-ek ez du erabiltzailearen informaziorik jasotzen, Matomo zerbitzua erabiltzen du webgunera egindako bisiten estatistikak eskuratzeko. Inprimakiaren bidez jasotzen den informazioa Protonmailen zerbitzarietan (Suitza) babestuta geratzen da. Jasotzen den helbide elektronikoa harremanetan jartzeko baino ez da erabiliko, ez zaio inori salduko edo daturik emango.
Ikus eta erabili https://privacy.eus eta kontuan izan jarrai dezakezula baita sare sozialetan, adibidez Twitterren: @Privacy_eus
Erantzun
Sartu