Teknologia albisteak

Streaming zerbitzuen indar eta gorakada, Garazi Goiak azalduta

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-12-26 : 10:26

Garazi Goia ikus-entzunezkoetako exekutibo eta adituak hitzaldia eman zuen joan den asteazkenean Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiak gonbidatuta, Gipuzkoa Berdinago ekimenaren barruan: "Ikus-entzunezkoak ikuspegi globaletik Euskal Herrira begirada". Hitzaldia grabatuta geratu da, eta Berrian ere egin dute kronika, baina bertan nabarmenduriko puntu batzuk ekarriko ditugu guk hona, streaming plataformen indar eta lehiari buruzkoak bereziki.

Londresen lan egiten du Goiak, BBCn egon zen zenbait urtez, eta azkenengoetan Sky taldean dihardu, estrategia, negozio garapen eta partnership edo aliantzen garapenean batez ere. Telebista kontsumoaren eraldaketaren azken urteetako zurrunbiloaren berri eman zuen hitzaldian. Horietako puntu batzuk nabarmentzeagatik (artikulu honetara), Streaming zerbitzuen etorrera brutala izan dela telebista kontsumoaren ohituretan.

Batetik, telebistan egiten den kontsumoaren erdia ez da jada orain arte telebista deitu izan duguna. Oraindik telebista konbentzionala, zuzenekoa edo ia zuzenekoa (replay eta backup moduak ere hor baitira) kontsumoaren %57 dira, baina 2023rako erditik behera jaitsiko da hori.

Streaming zerbitzuen harpidedun kopuru globala 1.2 miliar ikuslekoa da gaur egunean, eta 1.64raino igo daiteke 2025erako. Merkatu global horretan, Goiaren aburuz, Netflix, Disney+ eta Amazon Prime dira ondoen kokatuak.

Goiaren esperientzian, produktu hauen kontsumo multiplea da gaur egunean ohikoa Erresuma Batuan, 3 edo 4 harpidetza aldi berean edukitzea, "streaming stacking" esaten zaiona. Baina berriro ere, pastalea aipaturiko hiru handiek eramaten dute, etxe askotan egongo dira bi harpidetza handi horienak, eta 3. izateko lehia izugarria dago. Sky bere enplegatzaileak eremu horretan zelako latza duen ere kontatu zuen, eta hori eduki aldetik Erresuma Batuan funtsezkoa den Premier League futbol edukia eurena dutelarik.

Era berean, urte gutxian zerbitzuotara iristeko modua asko aldatu da. Urte batzuez lehia egon da telebista mandoetan Netflix-ek bere botoi gorri propioa jartzen zuelako aparialu-gileei, edo telebistak piztean ere menu-aukera nabarmen gisa agertzen zelako Netflix: BBCk edo besteek beste horrenbeste nahi zuten, menuko edo mandoko botoi horren ondo-ondoan egotea. Gaur egunean, berriz, Garai Goiaren alabak "ahozko agindua" ematen dio mandoari, "dena-delako telesaila ikusi nahi dut", eta ez du inporta ze plataforman den, berehala gauzatuko da pantailan aginduan. Goiak esan zigun ohitura hauetan bizpahiru urte aurrerago dabiltzala Erresuma Batuan hemen baino, baina hona ere iritsiko direla.

Eta, ahots-interfazeen kontu horrez aparte zer, hemendik aurrera zer? batetik, enpresa kontsolidazioen norabideak jarraituko duela, erosketa eta fusioen garrantzia handia izan da azken urte gutxi hauetan (Comcast kable konpainia estatubatuarrak erosi zuen Sky adibidez; edo Amazonek MGM estudioak eta bere katalogoa aurten...). Eta bestetik, Tiktok, Twitch eta beste ikus-entzunezko plataforma batzuen lehia ere haziko da. Esparru misto bat da hori streaming plataformen eta telebista tradizionalen artean, non azken urteotan Youtube nabarmendu den, baina orain beste izen horiek ere agertuko diren.

Horra, bada, streaming-ari buruzko batzuk. Baina gauza gehiago ere esan zuenez, eta galderen txandan ekarpenak ere izan zirenez, ikus bideoa nahi duenak:



Erantzun

Sartu