Teknologia albisteak

1743ko euskarazko gutuna agertu da Oiartzunen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-12-01 : 21:23

Euskara hutsean idatzitako 1743. urteko gutun bat aurkitu dute Oiartzungo udal artxiboan. Lapurtar zirujau batek Oiartzungo bikarioar idatzitakoa da, Paristik, 1743ko urrian datatua. Atzo aurkeztu zuten gutuna Oiartzungo udaletxean.

Iago Irijoa historialariak, topatu zuen gutuna "bestelako informazioren bila" zebilela. Profesional hau Ene Laztan Gozo Ederra eskuizkribuaren analisian jardundako aditu bat da. Gutuna lagin isolatua da, baina behintzat argi uzten du korrespondentzia pribatua, behintzat, euskaraz izaten zela XVIII. mendean. Gutunak agerian jartzen du euskarak lekua zuela mundu idatzian XVIII. mendean.

Gutuna  Auger Greciet hazpandarrak (Oier Gerezieta, egungo moldeetara egokituko bagenu) idatzi zion herriko bikarioari, Jose Fagoagari. Oiartzungo udalbatzak Greciet 1742ean kontratatu zuen herriko zirujau izateko; baina berme bezala titulazio jakin bat aurkeztu beharra zuen Grecietek, eta nonbait horretarako joana zen Paris aldera, 1943ko abuztuan, hiru hilabeteko baimen batekin. Baimen hori luzatzeko eskaera da gutunak jasotzen duena. Begirunez eta mintzaira jasoan idatzita dago eta etengabeak dira laudorioak, goraipamenak, esaldi jantziak... errespetuzko trataera soziala funtsezkoa zela argi dago. Hona amaiera, adibide gisa:

Barkatu nire ausardia, segurtatzen zaitudalarik nitzala, eta izanen, bizi naizeno, amodio eta humilitate osoarekin, afekzione eta errespetu osoarekin.

Zure zerbitzari fidela,

Auger Greciet

Fontebleaun, octobre, 21, 1743. Parisetic 14 lekobidetan urrunago"

Lekobideak legoak dira, distantzia neurria, ez du zerikusirik lekobide/lekobidi aditz arkaikoarekin (zeina Ene Laztan Gozo Ederrean ere agertu baitzen)

Gutunaren testu osoa argitaratu du Oiartzuingo Udalak hemen.

Erantzun

Sartu